Eskuragai dira 'Gabriel Arestirekin' antzezlana ikusteko gonbidapenak, Turismo Bulegoan

Julene Sorarrain 2025ko urr. 17a, 09:00

Kandido Uranga eta Inazio Tolosa. (utzitakoa)

Kandido Urangak eta Inazio Tolosak Gabriel Arestirekin antzezlana aurkeztuko dute Kultur Etxean, hilaren 25ean. Sarrera doakoa da, baina gonbita eskuratu beharko da, Turismo Bulegoan.

Orioko Udalak antolatuta, Gabriel Arestirekin antzezlana eskainiko dute hilaren 25ean, larunbatarekin, Kultur Etxean. Ikuskizunak bi osagai ditu; batetik, Pedro Alberdik idatzitako Gabriel Aresti Eibarren fikzio lana. Gabriel Arestik Eibarren lan egin zuen garaia aitzakiatzat hartuta, haren egunerokotasunaren hiruzpalau ordu berreraiki zituen idazle eibartarrak, ipuin eder batean. Obraren zuzendariek ipuin hori egokitu eta moldatu dute, antzerki moduan erakusteko.

Bestetik, Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuko Profeta bati izeneko poema errezitatzen dute. Liburua argitaratu zenetik 60 urte igaro dira dagoeneko, baina poema horren giroa gaur egungo egoerarekin eta gizartearekin lotu dute. Gabriel Arestirekin ikuskizuna, antzezleen tresna soilez –ahotsa, gorputza, musika eta sormena– eta esperimentatzeko bulkadaz sortutako antzezlana da.

Saioa 19:00etan hasiko da, eta ikustera joateko gonbidapenak dagoeneko eskuragai dira, Turismo Bulegoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide