Sorabox boxeo klubak antolatuta, Euskadiko Txapelketa jokatu zuten pasa den larunbatean Donostiako Atano III. pilotalekuan. Bertan izan zen Orioko River Box&Roll klubeko Eneko Gaztañaga, eta Txomin Iturberen aurka izandako lehia estuaren ostean, garaipena eskuratu zuten oriotarrak 80 kiloko kategorian.
Hain zuzen ere, "esperientzi askoko borrokalaria" izan zuen aurkari Gaztañagak, 20 borroka inguru irabazi baititu Nafar Sustraiak elkarteko boxeolariak. Gaztañagaren bosgarren lehia izan zan larunbatekoa, eta garaipena, aldiz, laugarrena. Guztira bi round irabazi zituen oriotarrak, lehena eta hirugarrena, zehazki. Iturberi, aldiz, bigarren round-a egokitu zitzaion.
Libana Taboada korrikalaria prestaketa fisikoarekin laguntzen ari zaio Gaztañagari, eta zehaztu duenez, abuztutik daramatzate plangintza zehatz batekin lanean. "Enekok hasieratik hitzartutako estrategia mantendu zuen, eta gure aurkariaren behea lantzen saiatu ginen, gerrialdera zuzenduz kolpeak eta bere arnasa murrizteko asmoz, nekea eta gabeziak areagotuz", azaldu du Taboadak. Halaber, Gaztañagak "zorrotz" jarraitu zituen Ibai Marin entrenatzailearen esanak, eta norgehiagoka estuaren ostean, garaipena lortu zuen.
Datorren asteburuan Bizkaiko Openean izango dira Igor Arruti (60kg) aiarra eta Gaztañaga (80kg) oriotarra.