Palestinaren aurkako genozidioa salatu dute Herriko Plazatik

Julene Sorarrain 2025ko urr. 15a, 21:00

Oriotarrek ere bat egin dute Gernika-Palestina herri mugimenduak deitutako elkarretaratzearekin, eta zartaginak eskuan, ozen salatu dute Palestinaren aurkako sarraskia.

Oriotarrek ere beren babesa erakutsi nahi izan diote Palestinari, eta horretarako bat egin dute Gernika-Palestinak gaur iluntzerako deitutako elkarretaratze zaratatsuarekin. Hain zuzen ere, arratsaldeko 19:00 aldera hasi dira gerturatzen Herriko Plazara, banderekin eta kazerolekin, Gazako sarraskia salatzera. 

Orduerdiz egin dute bilkura plazan, eta gero, Gernika-Palestina herri ekimenaren adierazpena irakurri du herritar batek. "Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Harriak, hautsa, hutsa, tranpak, oroitzapenak, malkoak, inoiz itzuliko ez dena begi bistan. Hala ere itxaropentsu. Hondakinak baino, genozidioaren frogak dira. Herri nekaezinaren metafora". Hala esanez hasi du hark Gernika-Palestinak gaurko espresuki egindako adierazpenaren irakurraldia.

Egunotan Palestinan bizitzen ari diren egoera ekarri dute gogora plazan, baita nazioarteko komunitateak genozidioan izan duen rola salatu ere. Halaber, gogorarazi dute genozidioa "keinu bakoitzean indarrean" dagoela oraindik ere, ez dela [Donald] Trump diseinatutako akordioarekin amaitzen. "Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko parada daukaguna baieztatu zigun: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa".

Halaber, zifra hainbat ere eman dituzte gaurko elkarretaratzearen bukaeran. "Egunotan 1.968 palestinar bahitu kalean utzi dituzte, batzuk etxera itzultzeko, etxeen eta senideen arrastorik gabe. Azken bi urteotan 77 palestinar hil dira Israelgo atxilotze guneetan, eta 10.000 inguruk jarraitzen dute preso. Horien artean 360 adingabekoak dira, semantikoki umeak direla ez esateko".

Palestinaz hitz egiten jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, horrez gain, bigarren plano batean geratzeko arriskua errotik uxatzeko. "Babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daude, suntsitutako adreilu bakoitzeko bana, eta datozen asteotan arlo guztietan aukera paregabeak izango ditugu palestinarrak erdigunean jartzeko", gaineratu dute. Bestalde, Israel "isolatu" egin behar dela aldarrikatu dute: "Israel isolatu behar da maila diplomatikoan, komertzialean, kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan..., okupazioa, aparheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin".

Protesta egiteak duen balioari ere eman diote lekua, eta esan dute Euskal Herria "harrokeriak gabeko abangoardia" izan dela horretan. Babes hitzari ere erreparatu diote, "gakoa" delako: "Urgentziazko neurriak aplikatu behar dira Palestinan: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eraman... Babestu Gazan, Zisjordanian, kanpamenduetan eta espetxeetan. Palestina eta palestinarrak babestu finean, palestinarrek beren etorkizuna erabaki dezaten".

Argazkiak: Onintza Lete Arrieta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide