Karela kiroldegian Kirol Orientabide Zerbitzuaz (KOZ) gozatzeko aukera egongo da hemendik aurrera. Abailan izena du zerbitzuak, eta Orioko Udalak jarri du martxan aste honetan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kirol zerbitzuarekin elkarlanean.
Udalak azaldu du helburua dela "jarduera fisikoa modu erregularrean egiten ez duten herritarrak aktibatzea", horretarako, herrian dauden baliabideak eskainiz. Doako zerbitzua da, eta hitzordua har daiteke jada kiroldegian jarri duten bulegoan. Zerbitzuaren arduraduna Carla Perez dela jakinarazi du udalak, eta kiroldegiko harreran galde daiteke zerbitzuaz, baita abailan@equiponeo.com helbidera idatzita ere.
Bulego horrek osasunaren, gizarte zerbitzuen eta hezkuntzaren alorreko eragileekin koordinatuta lan egingo duela jakinarazi du udalak, eta kirola egiteko zailtasunak dituzten herritarrei aukera ezberdinak eskainiko dizkiela: batetik, herrian dauden baliabideen inguruko informazioa emango dute, erabiltzaileek beren intereseko aukerak aurkitu ditzaten; bestetik, eragile horiekin harremanetan jartzen lagunduko dute, "bidea errazago egiteko" eta dituzten beharrak ondo azaltzeko; gainera, ibilbide pertsonalizatu bat diseinatzen lagunduko dute, zailtasunak errazago gainditzeko eta bizimodu aktiboak denboran iraun dezan; azkenik, prozesuaren jarraipena egingo dute, unean uneko beharrei erantzuteko.
Ordutegia
Kirol Orientabide Zerbitzuak ordutegi zehatza dauka. Negukoa honakoa dela azald du udalak:
- Astelehenetan, 09:00etatik 11:00etara
- Astearteeetan, 19:00etatik 21:00etara
- Asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara
- Ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara
- Ostiraletan, 09:00etatik 11:00etara