Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bederatzigarrenez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea Eraikitzen lelopean, 80 jarduera baino gehiago antolatu dituzte Gipuzkoa osoan, horietatik bi Orion. Larunbat honetan bertan izango dira ekintza horiek, eta izena emateko epea zabalik dago.
Batetik, 10:00etan, ontzigintza tradizionala ezagutarazteko familia tailerra eskainiko dute Mutiozabal Txoren Ontziolan: estrapu tailerra. Ontziola bisitatzeaz gain, haur bakoitzak material organiko ezberdinak ezagutu, ukitu, sentitu eta esperimentatu ahal izango ditu. Era berean, espartzuarekin lan egiten eta arraunerako ezinbesteko diren estrapuak ontzen ikasiko dute. Parte hartzaile bakoitzak bere estrapu propioa etxera eramateko aukera izango du, gainera.
Tailerraren ostean, 12:00etan, Mutiozabal Txoren Ontziola: memoria eraikitzeko ondare arkitektura izeneko hitzaldia eta bisita gidatua izango dira Orioko Turismo bulegoan hasita. Mutiozabal ontziola tradizionala kultura transmisiorako gune aktibo gisa darabilte egun Orion, Txoren Ontziola haurrentzako hezkuntza proiektu berritzailea baita. Ondare arkitektura oroimenaren, identitatearen eta jakintzen transmisioaren tresna bizia nola izan daitekeen hausnartzera gonbidatuko dituzte herritarrak bisitan.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatu ditu Orioko bi hitzorduak. Estrapu tailerrean parte hartzeko, 3 euro ordaindu beharko da izen-ematea, 943-39 24 26 telefono zenbakira deituta edo mutiozabal@albaola.org helbide elektronikora idatzita. Geroko hitzaldirako eta bisitarako izena ere komunikazio bide horietatik eman beharko da, baina hura doakoa izango da.