Hizkuntza komunitate gutxituen inguruko hitzaldia eskainiko dute Salatxon

Julene Sorarrain 2025ko urr. 10a, 09:00

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak 'Aditu' Ikastaroko parte hartzaileak. (Garabide)

Euskara eta munduko hizkuntza gutxituak izenburupean, maputxea, guarania eta Haitiko kreolera hizkuntzen ordezkariek hitzaldia eskainiko dute Orion, hilaren 29an, Salatxo aretoan. Garabide elkarteak antolatuta da, Aditu formakuntza programaren harira.

Garabide elkarteak, Aditu formakuntza programaren bitartez, hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako 18 ordezkari ekarri ditu Euskal Herrira, euskararen biziberritze prozesuan metatutako ezagutzak eta esperientziak berenganatzera. Programaren barruan hainbat bisita egiten ari dira herriz herri, eta Orion ere hitzaldi bat eskainiko dute. 

Euskara eta munduko hizkuntza gutxituak izenburupean, urriaren 29an geldialdia egingo dute Salatxo aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan maputxea, guarania eta Haitiko kreolera hizkuntzen ordezkariek hartuko dute parte, haien hizkuntzek bizi duten egoera azaltzeko helburuarekin.

Aditu programako parte hartzaileek hilabete eta erdiko egonaldia egingo dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera izango dute, besteak beste, hizkuntza biziberritzeko praktikak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia horien artean, gizarte zibiletik sortutako ekimenak eta administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertuko dituzte.

Izan ere, programaren helburua da parte hartzaileei "oinarri sendoa" ematea hizkuntzen biziberritzearen arloan, eta aldi berean, euskararen esperientzia "inspirazio iturri gisa" eskaintzea, udalak azaldu duenez. Hala nola, 14 komunitate ezberdinetatik etorritako 18 aktibista heldu dira Euskal Herrira. "Gehienak Erdialdeko Amerikatik eta Hego Amerikatik datoz, nahiz eta badiren Afrikatik eta Australiatik etorritako ordezkariak ere", gehitu du udalak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide