Estropada erdia burutu du ontziak. Ziabogara iritsi da, aurrekalariak atera du arraun txikia, eta zirt edo zart egiteko unea da. Ziabogaren erdian da Orio Arraunketa Elkartea ere: bi urte bete ditu oraingo zuzendaritzak, agintaldi erdia. Estropada irakurtzeko momentua. Datuei erreparatuta, ezin esan aurtengo denboraldia ez denik izan historikoa. Klubak 60 urte bete ditu, eta duela 100 urte bezala, aurten ere gizonezkoen traineruak Kontxako Bandera irabazi du, baita Eusko Label liga ere bigarrenez. Eta liga horretako marka ondu ere egin du, hogei estropadatan hamasei bandera eskuratuta. Asteburu batez elkarteko hiru ontziak lider ere izan dira euren ligetan, herritarren harrera ezin ederragoa jasoz. Denboraldia amaitu da gizonezkoen bi ontziek beren ligak irabazita eta emakumezkoak hirugarren sailkatuta, bigarrenarekin berdinduta. Datuak objektiboak dira, eta hor daude.
Datuen inguruan, ordea, estropada ondo irakurtzeko beharrezkoak diren elementu asko dago; pertsonak daude, ardurak eta helburuak, nahiak eta desioak, iritziak, erabakiak eta buruhausteak. Hala, emaitzei dagokienez denboraldia aparta izan den arren, Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideek badakite non duten zer hobetua, zeri erreparatu behar dioten, non dauden erronkak: lehenik, argi dute lanean jarraitu behar dutela "kluba talde kohesionatua" izan dadin; bigarrenik, gizonezkoen taldeak, emakumezkoen taldeak eta arraun eskolak hobetzen segitu behar dutela uste dute, eta horretan harrobiarekin lanean jarraitzea funtsezkoa dela; eta, hirugarrenik, emakumezkoen traineruko arraunlariekin eseri eta haiei entzutea ezinbestekotzat jotzen dute. Izan ere, kluba jakitun da arraunlari batzuk ez daudela gustura zuzendaritzarekin, eta taldean jarraitu ala ez pentsatzen ari direla. Eta, hain justu, aldizkari hau inprentara bidaltzeko unean [irailak 25] kluba eta arraunlariak negoziatzen ari ziren emakumezkoen traineruko entrenatzaile berriaren inguruan.
Zuzendaritzaren bi urteko ibilbide honetan, entrenatzaileen gaiak eman du beharbada zeresan gehien. Klubaren ardura hartu zutenean, Jon Olasagasti presidenteak eta haren taldeak argi esan zuten helburua bi traineruak goian egotea zela, eta horri lotuta etorri dira entrenatzaile aldaketak: aurrena, gizonezkoetan, Jon Salsamendi bidali zuten, eta gero, Mikel Arostegi, haien ordez Iker Zabala fitxatzeko denboraldiaren hasieran; eta emakumezkoetan, denboraldiaren hondarrean, Patxi Francesen zikloa amaitutzat eman dute, nahiz azken erabakia Francesek berak hartu.
Entrenatzailea eta arraunlari batzuk fitxatzeak kritikak eragin dituen arren, zuzendaritzak argi dauka fitxaketak fitxaketa, harrobia dela Orioko klubaren gakoa, baita garaipenak lortzeko biak osagarri direla ere: harrobirik gabe garaipenik ez dagoela, eta alderantziz, irabazteko fitxaketak behar direla. Itziar Olasagasti zuzendaritzako kideak hitz egin du polemika horiez, baita aurtengo emaitza onen atzean ezkutatzen den sekretuaz ere. "Zuzendaritzan erabaki batzuk hartu genituen iaz, nahi genuelako gure bi taldeak goi mailan egotea. Azken urteetan emakumezkoek irabazi dituzte txapelketak, baina gizonezkoek ez, eta erabaki zen entrenatzailea aldatzea. Polemika handia sortu zuen herrian fitxaketen kontuak, baina argi dagoena da aurretik harrobian eginda zegoen lanarekin eta egiten ari denarekin fitxaketa batek edo bestek beti laguntzen dutela ontzia goian egoten. Erabaki bat hartu genuen eta ondo atera da, baina hori ez zatekeen ondo aterako iaz eta aurreko urteetan, hainbeste urtetan, azpitik lanik egin ez balitz eta herrikoei konfiantza eta aukera hori eman izan ez balitzaie", esan du, ziur.
Fitxaketak beti egon izan dira arraun munduan, eta beti egongo dira. Baina, asmatu egin behar da fitxatzen, ez dadin izan alferrik botatako dirua, eta fitxatu nahi den hori proiektura erakartzeko ahalmena ere eduki egin behar da. Jon Olasagastik argi dauka zentzuarekin jokatu behar dela fitxaketen kontuan: "Nik beti esan dut ez dela edozein fitxatu behar, baizik eta jende zehatza, eta jakinda zertarako fitxatu nahi den". Presidenteak gizonezkoen taldeko beteranoen zeregina ere azaldu nahi izan du puntu horretan: "Batzuek ez dute ulertzen, baina nik uste dut gazteei kristoren kalitatea ematen dietela beteranoek. Gaztea gora iristen denean dena jatera iristen da, eta askotan frenatu egin behar izaten da. Horregatik, oso ondo etortzen da tartean esperientziadun arraunlaria, maila zaintzeko eta gazteek beren bidea ondo egiten jarrai dezaten".
Orekaz ere aritu dira, harrobiko arraunlaririk ez galtzeko berebizikoa baita denei ematea aukerak eta arraunlariak ondo zaintzea. Gizonezkoen taldeak 22 arraunlariko plantilla izan du aurten, horietatik hamar harrobikoak. Estropadetan gehienez harrobiko sei eraman ditu Zabalak, gehienetan bost, eta Kontxan, lau. Baina bigarren patroiak ez beste guztiek jokatu dituzte estropadak errotazio asko egin duelako entrenatzaileak, eta ligako azken estropadan, esaterako, zazpi aldaketa eginda atera zuen trainerua uretara, denboraldian zehar gutxiago jokatutako arraunlariak saritzeko. Banderarekin itzuli ziren etxera haiek ere. "Pultsua hor dago. Saiatzen gara hori guztia zaintzen urteetan taldean jarrai dezan arraunlariak, jokatzen ez badu badagoelako egoera bihurritzeko arriskua eta harrobikoa galtzeko arriskua. Idealena da ahalik eta gehienek jokatzea estropadak, eta aurten hala egin dute, baina egoera ere hala egokitu delako. Denboraldi txarra ere suerta daiteke, eta orduan, bere bala hoberenekin jokatuko du entrenatzaileak", esan du presidenteak.
Zuzendaritzak beste bi mezu argi ere baditu herriarentzat: klub bat ezin dela %100 aldatu urtebeteko edo bi urteko epean, eta jendea behar dela lanerako, "Orio Arraunketa Elkartea klub handia delako".
Aurreneko mezuari dagokionez, bada kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsu bat: arlo ekonomikoa. Kopuru zehatzik eman ez arren, aho bizarrik gabe mintzo da zuzendaritzako burua klubeko ardura hartu zutenean aurkitu zuten zorraz: "Badakit aurreko zuzendaritzek eginahal guztia egingo zutela, baina guri min handia eman ziguna izan zen arlo ekonomikoan zegoen akatsarekin topo egitea. Espero genuen zorren bat, baina ez horrenbestekoa. Kopuru zehatzik ez dut esango, baina min handia egin zigun, guk lanean atzeraka hasi behar izan genuelako, gero aurrera etortzeko. Aurreneko urtean asko sufritu genuen. Egoera ekonomikoa zuzendu genuenean hasi ginen argia ikusten tunelaren bestaldean, horren aurretik dena zelako iluna, beltza". Ildo beretik mintzatu da Itziar Olasagasti: "Espero baino lan handiagoa eman digute kirol arlotik kanpoko kontuek, eta horregatik kostatu zaigu martxa hartzea kirol arloan", iritzi dio.
Neskak, itzalean
Argi dago gizonezkoek egindako denboraldiak aitzakiarik ez duela, eta datorren urtean aurtengoari segida ematea izango dela helburua. Blokeari eustea lortuko dutela uste du Jon Olasagastik: "Bilera egin genuen eta arraunlari gehienak gustura zeuden, balekoarekin, baina gero banaka hitz egin behar da. Gure nahia da mantentzea taldea; beti izango da bat edo beste lanagatik edo etxeko egoeragatik jarraitu ezin duena, baina tira". Imanol Arruti arraun eskolako arduradunak kontatu du hurrengo denboraldiari begira sei-zazpi senior berri izango dituztela gizonezkoetan. "Beste kontu bat da zer kirol maila duten eta noraino iristen diren; kirolak berak jarriko ditu bere tokian".
"Sekulakoa izan zen hiru taldeak lider ikustea; horitxe nahi zuen klubak"
Itziar Olasagasti
(OAEko zuzendaritzako kidea)
Emakumezkoetan ere lau arraunlari igoko dira seniorretara, "eta badaude gora igo nahi duten gaztetxoak ere, ez dutenak hain gustuko aulki mugikorra eta seniorren dinamikan sartu nahi dutenak", gaineratu du. "Beste sei edo zazpi neska daude. Horiei babesa eman eta zainduz gero, bada, urteetako segida izango da", iritzi dio. "Hori kubrituta daukazula jakinda, errazagoa ere bada fitxaketak egitea", gaineratu du Arrutik.
Emakumeen traineruari dagokienez, entrenatzaile aldaketa etorriko da, eta klubaren asmoa da "ahalik eta arraunlari gehienek jarraitzea, eta behetik igo diren horiek eta interesa erakutsi duten kanpoko beste bizpahiru arraunlarik hurrengo urtean hemen arraun egin ahal izatea".
Itziar Olasagastik azpimarratu du emakumeek ere denboraldi oso ona egin dutela, nahiz eta gorabeheratsua izan den: "Denboraldi oso ona egin dute neskek, baina momentu batzuetan gorabeheratsua izan da. Orioko Jaitsieran oso ondo ibili ziren, Hondarribian beherakada izan zuten eta Gipuzkoako Txapelketa nahiko desastrea izan zen. Baina horri buelta eman zioten, txip aldaketa egon zen, eta uztaila oso ona izan zen: sailkapenean lider izan ziren ia bi asteburutan, Orioko estropadakoa zoragarria izan zen, eta gero, abuztua pixka bat trabatu egin zitzaiela uste dut, Nagoreren [Iturralde] lesioa tarteko. Kontxako sailkapen estropadan berriz ere oso lehiakor agertu ziren, baina ginga jartzea falta izan zaie bukaeran; beti berdinketak Tolosaldearen alde joan dira". Olasagastik uste du azken emaitza horrek "itzalpean" utzi duela emakumezkoen ontzia, "sekulakoa izan baitzen Orion irabazi zutenean, Orioko hiru taldeak lider ikustea. Horixe zen guk elkarte bezala bilatzen genuena", nabarmendu du. Harekin ados daude klubeko presidentea eta Arruti. Baina Tolosaldeak eta, bereziki Arraun Lagunakek, sekulako denboraldia egin dute, eta Oriok ezin izan die irabazi.
Jon Olasagastik uste du bi urtetan gauza asko aldatu dituztela bai nesken traineruan, bai mutilenean, bai arraun eskolan, baina erantsi du bi urte ez direla nahikoak: "Oraindik asko falta da eta lanean jarraitu behar dugu: puntu horiei guztiei distira eman behar diegu", iritzi dio.
Datorren urteari begira, emakumeen traineruan entrenatzaile berria jartzeaz gain, presidenteak aitortu du lehentasunetako bat izango dela arraunlariengan sortu den "deserosotasun puntu hori" kentzea. Uste du denek elkar hartuta egin behar dutela lan, eta autokritika ere egin du: "Esertzen hasi behar dugu, eta entzuten. Guk hitz egin baino gehiago, egin behar duguna da beraiei entzun", esan du.
"Gehiago lortu nahi dugu, baina hori bai, ahalik eta gutxien galduta"
Jon Olasagasti
(OAEko presidentea)
Hori esanda, ordea, beste bi puntu ere argi utzi nahi izan ditu: batetik, klubak ez diela ezer ukatu emakumeei, eta gizonezkoen eta emakumezkoen traineruen artean egon den alde handiena izan dela gizonezkoen entrenatzaileak gauza asko eskatu dizkiola klubari eta emakumezkoen entrenatzaileak, oso gutxi. "Gu ez gara hona etorri mutilek irabazteko bakarrik: guk dena hobetu nahi dugu, bai mutilen trainerua, bai neskena, bai arraun eskola. Mutiletan beharbada lan gehiago egin dela? Beharbada bai, baina ez nesketan nahi izan ez dugulako, denbora falta izan delako baizik. Eta mutiletan, guk baino gehiago, Ikerrek berak egin du lan gehiago", esan du.
Bestetik, zuzendaritzako kideek uste dute gizonezkoek lortutako emaitzek eta Iker Zabala entrenatzailearen figurak foku ikaragarria jarri dutela talde horrengan, batez ere komunikabideen aldetik, eta horrek berak ere utzi dituela itzalpean emakumeak. Alegia, klubak uste du kanpoko faktoreek eragin zuzena izan dutela emakumezko arraunlariak bigarren mailan sentitze horretan. "Batek sekulako fokua eduki du, eta besteak, ez. Hori aldatu egin nahi dugu, gure esku ere badago, eta horretan saiatu nahi dugu. Bai nesketan, bai arraun eskolan, lan asko egin behar da oraindik".
Argi fokua eta arraun eskola
Itziar Olasagastik ere uste du Orioko gizonezkoek "sekulako eragina" izan dutela "herri mailan eta komunikazio mailan" aurten. "Ikusi dugu itzalita zegoen jende bat nola berpiztu den". Gorakada handia egon dela eta gizonezkoen traineruan foku indartsua jarri dela uste du. Jon Olasagastirentzat, foku horrek badu bere alde ona ere, arraunlari berriak erakartzeko balio dezakeelako: "Gu txikiak ginenean, Kortaren garaian, gure izarrak ziren Orioko arraunlariak, dena irabazten zuten, eta uste dut arraunlariei hor pizten zaiela gogoa: 'Horra iritsi nahi dut', esaten dute. Azken urteetan nahiko itzalita zegoen foku hori, eta esaten genuen: 'Nondik hasi behar dugu?' Mutilen fokua piztuta jartzea lortzen badugu, aprobetxatu behar dugu horrekin falta ditugun puntu horiek ere argitzeko. Espero dut Kontxako Banderaren asteburua ikusita gazteek beste gogo puntu bat izatea, ez Orion bakarrik, baita inguruan ditugun herri txiki pila horietan ere", kontatu du.
"Klubak kalitatezko zerbitzua eta babesa eman behar dizkie gaztetxoei"
Imanol Arruti
(OAEko arraun eskolaren arduraduna)
Arraun eskolako arduradunak, berriz, azpimarratu du klubak "prestatuta" egon behar duela "etortzen den jende horri kalitatezko zerbitzua, entrenamenduak eta babesa emateko". Izan ere, "gaztetan ordu pila bat pasatzen dituzte Arraunetxean, eta garrantzitsua da senti dezatela zuzendaritza hor dagoela, arraunlari senior neska zein mutilak gertu dituztela eta seniorrek kasu egiten dietela. Giro egokia sortu behar da", iritzi dio. "Familia giroa", gaineratu du presidenteak. Erabat ados daude beste biak. "Batasuna behar da", jarraitu du Arrutik, ez izatea arraun eskola gauza bat, nesken taldea beste bat, eta mutilena beste bat.
Aurtengo denboraldian piztu den foku horrek eta ilusio horrek eragina izan beharko zuketen arraun eskolako izen-emateen gorakadan, baina klubean ez dute halakorik igarri, ez behintzat nahi luketen bezainbestekorik. "Kirol aukera zabala dago gaur egun herrietan, eta ez da erraza gaztetxoak arraunera erakartzea. Eta Kontxakoa bezalako egunak, Jonek esan bezala, idealizatu egiten ditugu, mito bihurtzen dugu jende bat, eta haietako bat izan nahi duzu, baina gero, horra iristea, pertsonalki nahiz talde moduan, kostatu egiten da, sekulako esfortzua egin behar da", azaldu du Arrutik.
"Klub guztiek esaten dute zaila dela umeak arraunera erakartzea, eta baita mantentzea ere", esan du Itziar Olasagastik, eta zenbait datu eman ditu: "Esaterako, Gipuzkoan, bateletan, mutilen infantil mailan hamabost ontzi ibiliko ziren lehen, eta orain lau daude. Nesketan hamar bat badaude; nesketan asko igo da Gipuzkoa mailan, baina mutiletan beherakada handia egon da. Egoera aldatzen ari da". Arrutiren ustez egungo gizartearen joera da hori, "eta oso zaila da horren kontra egitea". Oriok 6.000 biztanle ditu eta kirol guztietan ume asko edukitzea zaila dela uste dute. "Baina, aldi berean, Orio batean kostatzen ari baldin bada haurrak arraunera erakartzea, pentsa beste klub askotan zenbat kostatuko den", azpimarratu dute. Eta datu gehiago eman dituzte: urteren batean 40 ume berri hasi izan dira arraunean; aurten, hamabi apuntatu dira.
Horri aurre egiteko soluzio magikorik ez dagoela dio Arrutik, lana egitea eta baliabideak jartzea direla gakoak: "Horrek eskatzen du lan gehiago eta esfortzu gehiago egitea, baina betikoa da: jendeak denbora behar du, dirua behar da, baliabide gehiago behar da, eta hori oso zaila da, edo niri hala iruditzen zait, behintzat". Kontuak kontu, zuzendaritzako kideek azaldu dute hobekuntzak ari direla egiten arraun eskolan; esaterako, entrenatzaileen baldintza ekonomikoa hobetu dute, materialean inbertitu dute, eta lan sisteman ere hobekuntzak egin dituzte. Izan ere, argi dute arraun eskolak sortuko dituela etorkizuneko harrobiko arraunlariak.
"Saiatzen gara maila ona egon dadin arraun eskolatik hasita, gaztetxoak oso ondo entrenatuta, eta uste dut pixka bat aldatu egin dela lana egiteko modua; gustukoagoa dut oraingoa", esan du presidenteak.
Mezuak
Zuzendaritzak bi urte hauetan ondoen edo egokien egin duenaz galdetuta, Itziar Olasagastik zalantza izpirik gabe erantzun du, supituan: "Arlo ekonomikoari buelta ematea lortu dela".
Herritarrei eman nahi lieketen mezuari dagokionez, berriz, Arrutik haurrak eta gaztetxoak Arraunetxera gonbidatu ditu: "Gure mezua? Inor ez dadila gelditu arrauna probatu ez izanaren gogoarekin". Eta presidenteak jarri dio ginda: "Nahi duzun lan guztia egin hemen, eta lasai egon, hala ere egiteko asko faltako da eta. Orain argi polita dago, eta horri segi behar diogu pausoz pauso. Gehiago lortu nahi dugu, eta hori ondo dago, baina galdu ere, ahalik gutxien galduta".
Ziaboga hartu, azken luzea egin, eta helmuga igarotakoan ikusiko da Orio Arraunketa Elkartearen zuzendaritza honek lortzen al duen bandera, eta betetzen al dituen orain ezarritako erronkak eta helburuak.