Orioko EAJ: "Parrilla Festak ezin du eta ez du ordezkatuko Bisigu Eguna"

Julene Sorarrain 2025ko urr. 8a, 10:00

Asteburuan ospatutako Parrilla Festa ekimeneko momentu bat. (Mireia Galarza Bastida)

Talde jeltzaleak egitasmo berria positiboki baloratu duen arren, gogora ekarri du Bisigu Eguna herriaren "nortasunaren parte" dela, eta ondorioz, egutegian hitzordua mantendu egin beharko litzakeela defendatu du.

Orioko EAJk joan zen asteburuan egindako Parrilla Festa egitasmo gastronomikoa modu positiboan baloratu duen arren, gogorarazi du egitasmo berriak "Bisigu Festa tradizionala ezin duela eta ez duela ordezkatuko". 

Talde jeltzaleak azpimarratu du "Orio estilora, arrantzarako tradizioa, herriak parrillarekin duen lotura eta arrantzaleek ekarritako produktuak modu berezian prestatzeko usadioa aitortzeko" sortu zela Bisigu Eguna. EAJri festa berriak antolatzea "ongi" iruditzen bazaio ere, Bisigu Festari eustea "oso interesgarria, adimentsua eta eraginkorra" izango litzatekeela uste du alderdiak; izan ere, gisa horretan Orio estilora markaren eta Bisigu Festa antolatzen 15 urtez egindako lanaren sinergiak aprobetxatzea ondo legokeela uste du.

Bestalde, EAJren Orioko taldeak gogorarazi du Bisigu Eguna ez dela "edozein festa", mende erdi baino gehiagoko ibilbidea duen "Orioko gastronomiaren eta kulturaren nortasunaren adierazpenik ezagunenetakoa" baizik. Halaber, halako ekitaldi gastronomiko bat antolatzeko eragileen eta udalaren arteko kolaborazioa "funtsezkoa" dela azpimarratu du. "EAJren udal taldea beti egon da eta egongo da lankidetzan dinamiketan eta proiektuetan, gure erakargarritasun gastronomikoari eta kulturalari balio erantsia emateko".

Halaber, talde jeltzaleak herriko jaien etorkizunak "elkarretaratzean" oinarritu behar duela defendatu du. Horregatik, Parrilla Festak harrera "ona" izan duela eta herriko egutegiari "berritasuna" ekarri diola uste du EAJk, baina Bisigu Festak "bere leku propioa" mantendu behar duela adierazi du. "Berritzeak eta testuingurura egokitzeak ez du esan nahi gure nortasunari uko egin behar zaionik. Oriok etorkizunera begiratu dezake, bere historiatik eta tradizioetatik abiatuta", ondorioztatu dute jeltzaleek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide