Parrillak piztuta, abian da asteburu guztiko festa

Mireia Galarza Bastida 2025ko urr. 4a, 09:30

18:00etan ekin zioten festari, parrillak piztuta, eta handik pare bat ordu ingurura hasi ziren garaiko arrainen pintxo potearekin gozatzen. Guztira 90 pertsona inguruk parte hartu zuten. 

Atzo arratsaldean hasita, Parrilla Festan murgilduta daude oriotarrak. 18:00etan ekin zioten festari, parrillak piztuta, eta handik pare bat ordu ingurura hasi ziren garaiko arrainen pintxo potearekin gozatzen. Guztira 90 pertsona inguruk parte hartu zuten, bi txandatan banatuta, herriko parrilleroek prestatutako arrain freskoak dastatzeko asmoz. 

Udalak lehendabizikoz antolatu du aurten aipatutako festa, Bisiguarenarekin ordezkatuta. Izan ere, festa horren jasangarritasunak hausnarketa sortu zuen antolatzaileengan, eta hura ordezkatzea erabaki zuten. Aurtengoa, beraz, herritarren onarpena neurtzeko edizioa izango da, asteburuan zehar antolatu dituzten ekintzekin.

Hona hemen gaur eta biharko egitaraua:

Urriak 4, larunbata

  • 11:00. Mutiozabal: ate irekiak eta tailerrak gaztetxoentzat.
  • 13:30. Elkarte gastronomikoa plazan. Arraina Orioko modura erreta, herriko parrilleroen laguntzarekin.
  • Arratsaldean, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alaben musika emanaldia.

Urriak 5, igandea

  • 12:00. Hegaluzea poteratzeko erakustaldia.
  • 14:00. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.

Gukak egunean zehar argitaratuko du atzoko irekiera ekitaldiko bideoa. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide