Urte luzeetako isilaldiaren ondoren, iritsi dira berriro Goiko Kaleko festak. Antolatzaileek adierazi dutenez, auzoak merezi duen "poza, bizitasuna eta elkartasuna" kalera ateratzeko garaia iritsi da, eta hortaz, urriaren 10tik 11ra festa giroan murgilduta izango dira auzokideak.
Asteburuan zehar, musika, dantza eta giro ona izango dira protagonista Goiko Kalean, eta egitarau osoa oraindik aurkeztu ez duten arren, larunbateko auzo bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude. Urriaren 11n izango da otordua, 14:00etan, eta txartelak 15 euro balio du. Menuan sartuko dira, besteak beste, entsalada, patatak errioxar erara, postrea, kopa eta edaria. Halaber, aukera beganoa ere izango da; pataten ordez, seitana eskainiko dute.
Interesdunek Saregilera edota Kutixi kafetegira jo dezakete txartelak eskuratzera.