Erailtzen ari diren horiek gure haurrak ere badira! Aski da! lelopean, elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean Euskal Herriko hainbat ikastetxe eta institututan. Orion, esaterako, bi ikastetxeen atarietan elkartu dira protesta egiteko.
"Israelek, AEBren laguntzarekin, gau bakar batean 430 zibil palestinar baino gehiago erail ditu, %65 haurrak. Ezin gara isilik geratu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure anai-arreba bezala sentitu, eta lau haizetara oihukatu behar dugu: ASKI DA!", zabaldu zuten antolatzaileek joan den astean, elkarretaratzeetarako deia egitean.
Orioko Herri Ikastolak, halaber, beste bi elkarretaratze deitu ditu datozen asteetarako; hain zuzen ere, urriaren 9an eta 16an izango dira hitzorduak, ikastolako atarian. Zaragueta Herri Eskolan ere ostegunero egingo dituzte elkarretaratzeak.