Mikel Arostegik entrenatuko du Kaiku datorren denboraldian

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 2a, 11:53

Mikel Arostegi Mendibeltz futbol zelaiaren kanpoaldean, artxiboko irudian.

Bizkaiko arraun klubak gaur jakinarazi du oriotarra izango dela gizonezkoen traineruko gidari berria. 2024an Orioko gizonezkoen taldeko entrenatzailea izan zen Arostegi, eta orain, erronka handia izango du esku artean, maila galdu berri baitu Kaikuk.

Mikel Arostegi oriotarrak Kaikuko gizonezkoen taldea entrenatuko du datorren denboraldian. Hala jakinarazi du klubak gaur. Denboraldi zaila izan da aurtengoa bizkaitarrentzat, maila galdu baitute, eta datorren denboraldian KAE1 ligan lehiatuko baitira, Eusko Label ligatik jaitsita –sailkapen nagusian azken bigarren izan dira, 46 puntu eskuratuta, Caboren aurretik–.

Kaikuk Arostegiren ibilbide luzea goraipatu du, azpimarratuz 29 urte daramatzala arraunaren munduan, arraunlari gisa aurrena, eta entrenatzaile, azken urteetan.  Orion, Zumaian, Getarian, Astilleron eta San Pedron arraun egindakoa dela gogorarazi du, eta azken horretan, 2015etik 2021era, Libiako entrenatzaile gisa ere aritu zela lehen mailan eta KAE1en.

Arostegi 2022an itzuli zen Oriora arraun egitera, eta Orioko gizonezkoen taldeko entrenatzailea izan zen iaz, denboraldi ona osatuz. Klubak, ordea, erabakita zuen Iker Zabala entrenatzaile bizkaitarra fitxatzea, eta aurtengo denboraldian Zabalak hartu du Arostegiren lekua.

"Mikel Arostegiren fitxaketarekin, Kaikuk arraun munduan esperientzia handia duen arraunlari eta entrenatzaile baten alde apustu egiten du Bizkaitarra 2026an zuzentzeko", adierazi du Kaikuk. "Horrek bultzada berria emango dio gizonezkoen traineruaren kirol proiektuari, aurtengo denboraldi zailaren ondoren", gaineratu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide