Orioko Udalak herritarren eskura jarri du frontoiari buruz egindako ikus-entzunezkoa

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 30a, 12:37

Larunbatean herriko pilotalekuari egindako agur ekitaldian erakutsi zuten ikus-entzunezkoa, eta orain, bere Youtube kanalera igo du lana udalak. Hamar herritarren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, eta tartean daude Anuska Esnal alkateak frontoiari eskainitako agur hitzak.

Orioko Udalak hamabost minutuko ikus-entzunezkoan jaso du herriko frontoiaren historia, frontoiarekin era bateko edo besteko lotura izan duten herriko hamar pertsonaren bizipenetatik abiatuta. Beñat Gereka getariarrak egin du ikus-entzunezkoa udalarentzat –Errio dokumentala ere berak muntatu zuen–, eta larunbat iluntzean estreinatu zuten, udalak eta Ospele pilota elkarteak frontoiari egindako agur ekitaldian.

Orain, ikus-entzunezkoa herritar guztien eskura jarri du udalak, lana bere Youtube kanalera igota. Ikus-entzunezkoan honako hamar lagunek eman dute lekukotza: Iñigo Tapia, Iñaki Iturain, Maite Redondo, Marijo Salsamendi, Juan Mari eta Jon Itxaso, Ainhoa Mateos, Asier Gozategi, Anuska Esnal eta Tibur Etxeberriak. Herriko alkateak ez du lekukotza modu zuzenean eman, baina agur hitzak eskaini dizkio frontoiari, eta horrekin amaitzen da ikus-entzunezkoa. Lana aberasteko argazki eta irudi zaharrak ere erabili dituzte, eta pilota eskolako gaztetxoen iritziak ere jaso dituzte ikus-entzunezkoan. Horiek, eta baita lekukotzak eman dituztenek ere, azaldu dute nolakoa irudikatzen duten herriko frontoi berria.

Horren inguruan, udalak jakinarazi du XS arkitektura estudioarekin ari direla elkarlanean "aukerak aztertzen", eta laster emango diela herritarrei horien berri, "erabakiaren parte izan daitezen" herritarrak ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide