Laida Urbitarteren hitzetan (Orio, Gipuzkoa, 2002), "ezustekoa" izan zen joan den denboraldian Beti Onak Europako Ligarako sailkatzea. Lehiaketa horretan parte hartu ala ez ondo pentsatu ostean, iritsi zaie iazko sariaz gozatzeko garaia. Bihar egingo dute debuta Europako Ligan, 18:00etan, etxean.
Klubaren historiako lehen Europako partida jokatuko duzue. Zer sentitzen da?
Egia esanda, presio handirik ez daukagula iruditzen zait; izan ere, Europarako sailkatzea ezusteko bat izan zen. Joan den denboraldian Espainiako Kopara hasiberri moduan joan ginen, dena ondo atera zen eta horren guztiaren sari moduko bat da hau. Beraz, oso pozik gaude, eta herrian ere sumatzen da gogo handia dagoela horrelako zerbait bizitzeko. Halere, ez daukagu presiorik; disfrutatzeko aukera bat da, opari bat.
Duela hiru urte igo zen taldea Espainiako Ohorezko Mailara, eta jada Europako lehiaketa bat jokatzen ari zarete. Azkar esaten da.
Azkarregi, agian [barrez]. Denboraldi hasieran hitz egin genuen urte zaila izango zela; izan ere, Europan jokatzeak esfortzu handia eskatzen du, bai ekonomikoki eta bai pertsonalki. Azkenean, astean bi partida jokatu behar dituzu, asteazkenetan eta asteburuan. Nire ustez, fisikoki eta psikologikoki gogorra izango da denboraldia, baina baita polita ere; gogotsu gaude.
Galitxanka Lviv Ukrainako taldearen aurka ariko zarete. Zer dakizu hari buruz?
Uste dut ligako txapeldunak direla. Orain arte ligako partidak prestatzen jardun gara, eta Elxen jokatu ostean ekin diogu Europako partida prestatzeari. Dudarik gabe, aurkari gogor bat tokatu zaigu, eta gauzak ondo egin beharko ditugu kanporaketa gainditzeko.
Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria egunkariaren atari digitalean.