XX. mende hasieratik toki berean ezagutu dute herriko frontoia oriotarrek: Eusko Gudari kalean, etxe tartean babestuta. 1919. urtean eraiki zuten, eta 1977. urtean, berriz, estali. Orain garai berrietara egokitzeko unea iritsi da, ordea; urrian eraitsi egingo dute bertan eta inguruan etxebizitzak egiteko. Horregatik, udalak eta Ospele pilota elkarteak agur ekitaldia prestatu dute.
Festa giroan eta herri mailan amaitu nahi dute frontoiaren zikloa, eta horregatik, ez dute pilota partida ofizialik eta pilota izarrik ekarriko. Herritarrak izango dira protagonista bihar, egitarauaren hasieratik bukaerara arte.
Etxeko txikienekin gogoratu dira antolatzaileak, eta festako aurreneko partea haiei eskainiko diete, Ibon Aranalde Ospeleko presidenteak azpimarratu duenez: "Frontoia herriarena izan da, eta ospakizuna ere denei zabalduko diegu. Beraz, herriko ume guztiek parte hartu ahalko dute pilota topaketan, aurrez izenik eman behar izan gabe. Palak, xextuak eta pilotak aterako ditugu, eta ondo pasatzea izango da helburu bakarra".
Ondoren, oraintxe bertan aktibo dauden herriko pilotariek eskainiko dute eskuzko partida. Aranaldek berak parte hartuko du Joseba Aranburu lagun duela, eta Lazkaon jokatzen duten Oliden anaiak izango dituzte aurkari. "Denboran gehiegi ez luzatzearren, orduerditxo bateko erakustaldia egingo dugu", azaldu du. Eta gauza bera egingo dute erremonteko partidarekin ere. "Historikoki erremontea oso garrantzitsua izan da Orion, eta aspaldiko partez, ikuskizun pixka bat eskainiko du boskote batek: Borja Agirresarobe Torrotxo eta Iker Elola herriko azken profesionalek, eta haiekin batera, Mikel Iribarrek, Jon Itxasok eta Iban Osak".
Ekitaldia, gauean
Ekitaldi nagusia 21:00etan hasiko da, eta Aranaldek sorpresaren bat utzi nahi duen arren, azaldu du ikus-entzunezko bat proiektutatuko dutela aurrena, eta bertan, herriko hainbat pilotariren adierazpenak entzun ahal izango direla. "Pilotarienak ez ezik, frontoia erabili duten herriko beste eragileen lekukotzak ere jasoko dira", adierazi du.
Pilota elkartean laguntzen aritutako adineko pertsonei, berriz, etxera bidali diete gonbidapena, eta haiei aitortza egiteko ere aprobetxatuko dute ekitaldia. Esaterako, ospakizunetan izango da Ospele elkartearen sortzaile Luis Azkue.
106 urte bete ditu frontoiak, eta horri azpimarra egiten dion elastikoak ere atera dituztela azaldu du Aranaldek. Pilotariei banatuko dizkiete, printzipioz ez daudelako salgai, baina eskaera balego, horri erantzuteko ere prest agertu dira.
Egun berezia Ospelerentzat
Aranaldik aitortu du biharko eguna "oso berezia" izango dela pilota elkarteko kideentzat. "Momentu on asko eta txar gutxo eman dizkigu pilotakelu honek. Guretzat elkartzeko plaza bat izan da, lagunak egiteko toki bat, eta asko gozatu dugu pilotan". Asko eman diela eta "oso maitea" izan dutela gaineratu du, nahiz eta onartu duen azken urteetan frontoiaren baldintzak ez direla onenak izan.
"Faltan" botako dutela adierazi du, hein batean antolaketarako zailtasunak izango dituztelako frontoia eraisten dutenean. Ikasturteari, esaterako, Zaraguetako frontoian ekin diote, batez ere pilota eskolako haurrak eta gurasoak ez mareatzearren, baina pena dute frontoia botatzerako berririk ez delako egongo eginda. "2000. urtean jada entzuten ziren hau bota behar zenaren zurrumurruak. 25 urte pasatu dira, eta egoera berean iritsi gara eraisteko unera", kritikatu du. "Pena" eta "ulertu ezina" dute, frontoi faltak ez diolako mesederik egingo lehendik ere gutxituta dagoen kirolari: "Pilota gure kirola da, euskaldunon kirola da, eta babestu egin nahi dugu, urtez urte herrian indarra galtzen joan den arren", nabarmendu du. Ospelek horretan jarraituko duela ere esan du, irmo.