Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak diru laguntzak emango dizkie aurten 7.000 biztanletik beherako udalerriei zuzendutako hirigintza plangintzan aurrera egiteko laguntzak eskatu dituzten hamabi udalerriei, tartean Oriori eta Getariari. Azahara Dominguez diputatua herri horietako alkateekin bildu da aste honetan, eta aurkeztutako eskaera guztiak "aintzat hartu ahal" izango direla jakinarazi die.
Dominguezek azpimarratu du diru laguntza hau oso garrantzitsua dela, "udalerri txikienek, eta, beraz, ekonomikoki mugatuenek, beren hiri-plangintzan egin beharreko aldaketei aurre egin ahal izateko aukera ematen baitu, tokiko erronkei eusteko aukera emanez, hala nola jasangarritasunari, hiri-berroneratzeari edo klima-aldaketari, besteak beste". Diputatuak azaldu duenez, diru laguntza honek udalerri horiek beren gain hartu behar duten hirigintza dokumentua idazteko gastuen zati bat estaltzen du. Deialdi honetan, Oriok 16.920,64 euro jaso ditu, eta Getariak, aldiz, 30.000 euro.
"Hirigintza etorkizuneko Gipuzkoa diseinatzeko dugun tresna da, eta horretarako funtsezkoa da udal txikienen ondoan egon eta ekonomikoki laguntzea, ez bakarrik datozen erronkei aurre egin diezaieten, baizik eta beren bizilagunen bizi kalitatea hobetzen jarraitu ahal izan dezaten, biztanleek herri horietan beren bizitzak gara ditzaten beharrezkoak diren zerbitzuak eta azpiegiturak emanez", adierazi du Dominguezek.
Laguntzen handitzea
Diru laguntzen lerro horren zenbatekoak gora egin du aurten. Izan ere, iaz 200.000 euro ziren, eta 2025ean, berriz, 300.000 euro baino gehiago (306.543,54), hau da % 53,27 hazi da. Diputatuaren ustez, horrek erakusten du "departamentuak konpromisoa duela lurraldearen kohesioarekin eta pertsona guztien aukera berdintasunarekin, bizi zaren lekuan bizi zarelarik". Igoera horri esker, aurkeztutako hamabi eskaerei erantzun ahal izan zaie. Iaz, berriz, zazpi udalerrik jaso zuten diru laguntza hori: Alkizak, Ataunek, Antzuolak, Elduaienek, Larraulek, Legorretak eta Lizartzak.