Orioko Karela kiroldegiak kudeaketa berriarekin hasi du 2025-2026 ikasturtea, izan ere, hemendik aurrera Neo enpresak kudeatuko du kiroldegia BPXporten ordez. Orioko Udalak, enpresa berriarekin elkarlanean, gimnasioa, jarduera eskaintza eta ordutegia berritu ditu. Aldaketak 2025eko irailaren 1ean sartu ziren indarrean, eta ikastaroak, aldiz, datorren astelehenean hasiko dira.
Izen-emateari dagokionez, udalak jakinarazi du ikastaro batzuetan inskribatzeko aukera dagoela oraindik.
Aurtengo ikasturtean hainbat berrikuntza egon dira eskaintzan. Alde batetik, saio berriak eskainiko dituzte, hala nola, Cardio Fit, Zumba, Streaching Core eta Dantza +65. Bestalde, jarduera batzuen ordutegiak zabaldu dituzte, eta hemendik aurrera eguerdiko tartean egin daitezke Cycling, Pilates edota Total Body bezalako ikastaroak. Abonamendu sisteman, aldiz, ez da aldaketarik izan, eta zerbitzuan izena emateko aukera egongo da urte osoan zehar.
Berrikuntzekin jarraituz, aurrerantzean "puntako teknologiaz hornitutako" bi gimnasio izango ditu kiroldegiak. Gimnasio zaharrari dagokionez, handitu eta berritu egin dute, eta Haize Berri taberna zegoen lekuan, aldiz, bigarren areto bat prestatu dute. Gainera, bi espazioetan makina berriak jarri dituzte "muskulazioa lantzeko eta ariketa aerobikoak egiteko". Haize Berriko gimnasio berria herriko kirol elkarteek erabiliko dute, baita gainerako erabiltzaileek ere, ordutegi jakin baten barruan. Ordutegi hori datozen asteetan finkatuko dutela aurreratu du udala, kirol taldeen entrenamenduen arabera, hain zuzen.
KOZ zerbitzua ere, laster martxan
Urritik aurrera, Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) eskainiko dute kiroldegian. Zerbitzu honen bitartez, herritarrei laguntza eskainiko die kirolaren alorrean, "beren beharretara eta gustuetara" egokitutako plan bat egiteko, udalak zehaztu duenez.
Informazio gehiago eskuratzeko, interesdunek Karela kiroldegira jo dezakete (Erribera Kalea, 1), baita 943-89 44 28 zenbakira deitu edota karela.harrera@equiponeo.com helbidera idatzi ere.