Etxeluze gaztetxean lapurreta egin dute aste honetan. Azaldu dutenez, 4.000 euro inguruko galera eragin diete musika ekipoa lapurtuta, eta azpimarratu dute egoera honetan ezinezkoa zaiela ekitaldiak antolatzen jarraitzea. Gaztetxea kontzertu areto soil bat baino gehiago dela gogorarazi dute, eta herritar eta eragile askok erabiltzen dituztela Gaztetxearen espazioa eta bertako azpiegiturak. Bertan egiten dira, esaterako, Arrantzale Eguneko entseguak, tallerrak, Txurrumuskiren festak, dantza ikastaroak eta askotariko ekintza sozialak, besteak beste Korrika Kulturala, herriko ikastetxeen kultur asteak, Palestinaren aldeko erresistentzia jaialdiak, Musika Errebolta Feminista eta Paka Festa.
Orain dela urte gutxi ere musika ekipoa, ordenagailua eta proiektorea lapurtu zizkieten, eta orduan herritarren laguntzarik gabe lortu zuten gastuei aurre egitea. Oraingoan, ordea, egoerari aurre egiteko herritarren laguntza behar dute, eta ekarpen ekonomikoa egiteko eskatu dute: "Denok gure aletxoa jartzea garrantzitsua da. Honi aurre egiten laguntzeko ekarpen ekonomikoa egin dezake herritarrak, xumea bada ere. Ezinezkoa bada, ondorengo modu hauetan ere lagun daiteke: ekitaldietako txandetan lagunduta, ekitaldi bat antolatuz Etxeluze defendatzeko, batzarretara gerturatuz eta parte izanez", esan dute.
Ekarpen ekonomikoak, berriz, ondorengo kontu korrontean egin daitezke: ES7030350182111820034761.