Orioko Udalak eta Ospele pilota elkarteak herriko frontoia agurtzeko ekitaldia antolatu dute, eta jaia larunbat honetan bertan izango dela iragarri du gaur udalak.
Urrian eraitsiko dituzte frontoia eta inguruko etxebizitza batzuk etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko, eta aurrez, "frontoiari merezi duen agurra" eman nahi diote.
Pilota izango da, nola ez, agur jaiko protagonista nagusia. 16:00etan hasita, haurren pilota topaketak egingo dituzte 17:45 arte, eskuz; eta jarraian, esku pilotako eta erremonteko erakustaldiak egingo dituzte herriko pilotari ohiek: Oliden-Oliden vs. Aranburu-Aranalde, eskuz; eta Brit-Itxaso vs Agirresarobe-Osa-Iribar, erremontean.
Afalostean, 21:00etan, izango da agur ekitaldia frontoian bertan, eta udalak eta Ospelek herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura. Ekitaldiari buruzko xehetasunik ez du eman momentuz udalak.