Oztopo lasterketen Munduko Txapelketan parte hartu du Libana Taboadak

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 19a, 17:00

Taboada, eskuinetik lehena, igandean taldekideekin helmuga zeharkatzen. (Utzitakoa)

Suedian lehiatu da joan den astean, eta esperientziarekin pozik itzuli da. Orkatileko bihurritu bat tarteko, ez du nahi beste gozatu ahal izan, baina taldeka hamar onenen artean sailkatu dira, hala ere. "Aurrera jarraitzeko ilusioarekin" da Orioko bizilaguna.

Libana Taboada Orioko bizilagunak OCR zirkuituko Munduko Txapelketan parte hartu du joan den astean, Suedian, eta gustura itzuli da bizitako esperientziarekin. Espainiako estatuko hamar emakume eta beste horrenbeste gizon sailkatu ziren, nahiz eta azkenean bost emakume bakarrik joan, bidaiaren gastuak norberak ordaindu behar dituelako. "Niri Zipri enpresak lagundu dit, eta benetan eskertu nahi diet, bestela ezin izango nuelako parte hartu".

Lau egun iraun zituen txapelketak, joan den ostegunetik igandera, eta Taboadak larunbatean eta igandean parte hartu zuen, bi modalitatetan: larunbatean distantzia estandarrean, hau da, 12 kilometroko lasterketan, 400 metroko desnibelarekin eta 40 oztoporekin; eta, igandean, taldekako lasterketan, larunbatean denbora onena egin zuten atletekin selekzioa eginda. Taldeak izan daitezke gizonezkoenak, emakumezkoena, edo mistoak, eta Taboadak azken horretan parte hartu zuen, ezin izan zutelako emakumezkoen taldea osatu, partaide batzuen lesioengatik.

Taboada, Suedian, sokatik gora igotzen. (Utzitakoa)

Banaka aurrena, taldean gero

Larunbateko probaren oroitzapen gazi-gozoa du Taboadak, orkatilean bihurritua zuela egin baitzuen karrera, eta azken kilometroetan postu asko galdu zituelako: "Nire helburua larunbateko lasterketa zen, oso ondo atera nintzen, oso ondo ari nintzen, korrika erritmo bizian, oztopoetan ere erraz, eta nire txandako hirugarren nindoan, bigarrena oso-oso gertu neukan, baina aurreko astetik bihurritu bat neukan orkatilean, eta bi kilometroren faltan, berriz okertu nuen orkatila, eta garrasika minez gelditu egin behar izan nuen. Hala ere, pixkanaka, oinez hasi, eta korrika amaitu nuen, min handiarekin izan arren. Postu asko galduta amaitu nuen, eta pena hori dut". 21. postuan amaitu zuen lasterketa. Dena dela, alde onak ere ikusi zizkion egindako lanari: "Oztopo guztiak gainditu nitun, eta ez nuen amore eman; lasterketa uzteko esaten zidaten askok, baina nik argi neukan lau hanketan bazen ere amaitu egingo nuela, eta alde horretatik oso pozik nago", adierazi du.

Igandean, berriz, taldekako lasterketa egin zuten, eta bi gizon eta bi emakumek osatu zuten Espainiako taldea, tartean Taboadak berak, bezperako lesiotik errekuperatuta. Lan oso ona egin zutela kontatu du Orioko bizilagunak. Aurrena bakarkako lasterketa egin zuten, erreleboka, bakoitzak kilometro eta erdi. Taboadak egin zuen aurrena, eta txanda irabazi zuten. "Hasiera-hasieratik nagusi izan ginen". Ondoren, laurek batera egin behar izan zuten beste zirkuitu bat, bestelako oztopo batzuekin. "Bederatzigarren agertzen gara sailkapenean, baina erreklamazioa jarri dugu, txanda irabazi egin genuelako, eta uste dugulako gaizki dagoela sailkapen hori". Erantzunaren zain daude orain. 

Taboada, oztopo bat igarotzen. (Mediarace)

Eguraldiarekin zorte handirik ez dute izan, euria goian eta behean tokatu baitzie. Horrez gain, Suediako oztopoen "tamaina" nabarmendu du Taboadak. Herrialde eta antolatzaile bakoitzak bere erara prestatzen omen ditu oztopoak, "bere estilo propioarekin", eta Taboadak azpimarratu du Suediakok "sekulakoak" zirela: "Kristoren altuera zuten, sekulako muntaiak egin zituzten, eta gehien horrek harritu ninduen; oztopoen tamainak, altuak, handiak eta zabalak zirelako. Ikusgarriak ziren".

Aurrera jarraitzeko ilusioarekin

Taboadak azaldu du datorren urtean "etxean" tokatzen dela Europako Txapelketa, Irunen (Gipuzkoa) egingo baitute, eta horrako "topera" prestatzeko asmoa du. "Aurrera jarraitzeko ilusioz nago", adierazi du kirolariak.

Munduko Txapelketa, berriz, Irlandan jokatuko da, uztailean, eta nahiko luke berriz parte hartu, "oraingoan lesiorik eduki gabe, benetan ikusteko zer mailatan nagoen, lesioarena pena bat izan zelako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide