Orioko Futbol Taldeko gizonezkoek garaipenarekin hasi dute liga, eta emakumeek igandean ekingo diote lehiari

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 18a, 09:10

Orioko Futbol Taldeko senior mutilak partida batean iazko denboraldian.

Herriko bi talde nagusiak igo dira Ohorezko Mailara, eta gizonek etxean Mondragoni 3-1 irabazita ekin diote maila berriari. Emakumeek ere etxean izango dute aurreneko partida, igande honetan, Bergara taldearen kontra. Aurten seniorren partidak ikusteko 5 euro ordaindu beharko dituzte bazkide ez diren 18 urtetik gorako herritarrek.

Denboraldi honetan Ohorezko Mailako taldeak dira Orio Futbol Taldeko bi talde seniorrak, eta gizonezkoek jada estreinatu dute maila berria. Joan den asteburuan etxean jokatu zuten ligako aurreneko partida Mondragon taldearen kontra, eta 3-1 gailendu ziren oriotarrak. Hala, sailkapenean laugarren tokian dira. Hurrengo partida igandean jokatuko dute Real Union B taldearen etxean.

Emakumezkoek, berriz, igande honetan hasiko dute denboraldia Ohorezko Mailan, eta horiek ere etxean egingo dute estreinaldia. Bergara taldea izango dute aurkaria.

Bazkide egiteko deia

Herritarrak klubeko bazkide egitera animatu ditu Orioko Futbol Taldeak. Urteko kuota 40 eurokoa dela jakinarazi du, eta trukean Mendibeltzeko partida guztiak doan ikusteko aukera dagoela. Izan ere, klubak sarrera kobratzea erabaki du aurten, "kategoria honetan egin ohi den bezala". Hala, bazkide ez diren herritarrek 5 euro ordaindu beharko dute sarrera –jokalariek eta adingabeek izan ezik–.

Bazkide izateak abantaila gehiago ere baduela esan du klubak. Batetik, deskontuak Zumbrela ile apaindegian eta Gukar kotxe salmenta eta tailerrean –klubaren babesleak direlako–, eta bestetik, hilean bitan bazkideen artean zozketak egingo ditu, Anoetan Reala ikusteko nahiz herriko dendetan erosketak egiteko bonoak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide