Sara Zozaya musikariaren emanaldia eskainiko du Orioko Udalak Kultur Etxean datorren astean, hilaren 26an, ostiralarekin, 21:00etatik aurrera. Doako saioa izango da, baina aurrez gonbipenak eskuratu beharko dira Turismo Bulegoan. Horiek bihar jarriko dituzte eskuragai, 16:00etan, eta pertsona bakoitzak, gehienez, lau sarrera hartu ahalko ditu.
Udalak gogorarazi duenez, Sara Zozayak 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen EPa, eta urteko demo onenen zerrendan, zazpigarren postuan kokatu zuen Mondo Sonoro aldizkari ezagunak. Ordutik, LP bat eta bi EP kaleratu ditu, horietan azkena attä izenekoa. Aloud Music zigilu katalanarekin argitaratu du, eta Castillo Suarez idazlearen laguntza izan du hainbat kanten hitzak osatzeko. Gainera, Benito Lertxundi eta Valvidia bezalako sortzaile entzutetsuekin ere kolaboratu du artistak.