Arraunlariei harrera berezia egingo diete iluntzean

Julene Frantzesena 2025ko ira. 14a, 16:11

Herritar ugari harrera batean.

Udalak 20:00etarako jarri du hitzordua, Bikamiotako biribilgunean. Handik plazara kalejiran joango dira kirolariak, txarangak lagunduta. 20:20 aldean egingo diete harrera arraunlariei. Udala, lorpenak tarteko, "pozez zoratzen" agertu da, eta zorionak eman dizkie arraunlariei nahiz herritarrei.

Orioko gizonen traineruak Kontxako Bandera irabazi dutela eta, udalak harrera berezia prestatu du gaur iluntzerako. 20:00etarako jarri du erakundeak hitzordua, Bikamiotako biribilgunean. Izan ere, han hasiko dute arraunlariek kalejira, eta Eusko Gudarien kalea zeharkatuta, plazara iritsiko dira, txarangak lagunduta. Behin plazara iritsita, 20:20 aldean, udal ordezkariek ongietorria egingo diete kirolariei.

Udalak zorionak eta eskerrak eman dizkie Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilei, gaur ere egun berezia bizitzeko parada izan dutelako. "Izugarriak izan dira gure arraunlariek erakutsitako grina eta konpromisoa, eta horrek erabaki hunkitzen gaitu", esan du erakundeak. "Pozez zoratzen" dagoela ere esan du udalak, eta zorionak eman dizkie garaipena posible egin duten denei nahiz oriotar guztiei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide