Hezkidetza diagnostikoa herritarrei aurkeztuko diete hilaren 19an

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 12a, 16:26

Orioko Herriko Plazaren ingurua, errioaz bestaldetik ikusita. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Udalak Eihera elkartearen laguntzarekin osatu du diagnostikoa, eta herriko eragileek parte hartu dute bertan. Emaitza 120 orriko dokumentu batean jaso dute, eta Ur bazterretik izena jarri diote.

Orioko Udalak herriko hezkuntza komunitate osoaren lanketa egiteko prozesua abiatu zuen iaz Eihera kooperatibarekin elkarlanean. Lanketaren helburua da "herriko hezkuntza komunitatearen mapa bat sortzea eta esparru formalean eta ez formalean dauden eragileen beharrak, hutsuneak eta erronkak identifikatzea, hezkidetzaren ikuspegitik".

Lehen urratsa herriko diagnostikoa osatzea izan da, eta horretarako, herriko eragileekin elkarrizketak eta lansaioak egin ditu Eihera elkarteak azken hilabeteetan. Prozesu horren barruan, lan saio parte hartzailea egin zuten martxo bukaeran, ordura arte bildutako informazioa eragileekin partekatzeko eta haien ekarpenak jasotzeko. Eta saio horren ondotik osatu da Orioko Hezkidetza Diagnostikoa: Ur bazterretik.

Egindako lana 120 orriko dokumentu batean jaso dute, eta horren ildo nagusiak herritarrei aurkezteko hitzordua jakinarazi du gaur Orioko Udalak: irailaren 19an izango da aurkezpena, ostiralarekin, 19:00etan Pilliku plazan.

Udalaren hitzetan, "konfiantza giroan" egingo da ekitaldia, eta helburua izango da diagnostikoa egiteko arrazoiak azaltzea, prozesua nola gauzatu den kontatzea, eta bertan jasotako gako edo emaitza nagusiak plazaratzea. "Gainera, topaketa aprobetxatu nahi da herritarren iritziak jasotzeko eta, elkarrekin, diagnostikoan biltzen diren gaien inguruan hausnartzeko", esan du: "Udalak fokua jarri nahi du herritar guztiok egiten dugun baloreen transmisioan. Kontziente izan ala ez, egiten dugunak eragin zuzena du gure inguruan, eta Orioko Hezkidetza Diagnostikoaren asmoetako bat ere bada ardura horren garrantzia bistaratzea", azpimarratu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide