Getxo Folk jaialdia egitarau oparoarekin iritsi da aurten ere. Irailaren 10ean hasi zuen ibilbidea aurtengo edizioak, eta geroztik asko izan dira Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri zentrotik igaro diren artistak. Bihar bukatuko da jaialdia, eta merezitako agurra emateko asmoarekin, oholtzak alde batera utzi berri dituen musikari bat omentzea erabaki dute: Benito Lertxundi, hain zuzen ere.
Hunkidura kuttunak izenburupean egingo duten ikuskizunarekin omenduko dute oriotarra, eta haren antolatzaileen arabera, emanaldiak "bidaia emozional bat" proposatzen du: "Oriotik Euskal herrira, herri baten memoriaren parte diren abestiak, paisiak eta sentimenduak zeharkatzen dituen ibilbidea da", zehaztu dute.
Arkaitz Hormaetxek eta Kukai dantza konpainiak zuzendu dute ikuskizuna, eta "esker onez eta miresmenez beteriko" ekitaldi kolektiboa izango dela aurreratu dute. Agertokian diziplina askotariko artista talde bat izango da, eta partaideek musikaren, dantzaren eta beste adierazpen batzuen bidez, "euskal kulturan arrasto sakona utzi duen" sortzailearen ibilbidea ospatuko dute.
Ikuskizuna 20:00etan hasiko da, Muxikebarrin, eta sarrerak dagoeneko agortuta daude.