Berrogeita hamasei urte geroago, Cambridgekoen bisita hunkigarria opari eta guzti

Onintza Lete Arrieta eta Julene Sorarrain 2025ko ira. 10a, 16:17

David Cruttenden Antonio Camposi eskua ematen, gaur goizean Arraunetxean, David Rodriguezen aurrean. (Onintza Lete Arrieta)

Munduko onenetakoa da Cambridge aulki mugikorrean, eta klub horretako bi presidente eta arraunlari ohik bisitatu dute gaur Arraunetxea: Christopher Rodriguezek eta David Cruttenden-ek. Hain zuzen, biek egin zuten arraun 1969an Orioko Nazioarteko Estropadetan, baita estropadak irabazi ere beren taldearekin. Orduko oroitzapenez beteta etorri dira Oriora.

Orion inoiz jokatu diren estropadarik garrantzitsuenak eta ospetsuenak 1969ko Nazioarteko Estropadak dira. Aulki mugikorreko txapelketa horretan nazioarteko talde onenek parte hartu zuten, tartean Cambridgek (Erresuma Batua), eta huraxe izan zen garailea. Zortziko hartan aritu ziren arraunean Christopher Rodriguez eta David Cruttenden ingelesak, eta gaur, 56 urte geroago, Oriora itzuli dira aurreneko aldiz, bisitan.

Ez dira esku hutsik agertu: Orion eman zieten bandera –trapu hori bat– eta txapela ekarri dituzte, baita urte hartako estropadak iragartzen zituen kartela, eta egunkarietan argitaratutako albisteak biltzen dituen album bat ere. Eta oparia ere ekarri dute Orio Arraunketa Elkartearentzat: Cambridgeko zortziko garailearen argazki bat, dotore, markoan sartuta. Antonio Campos OAEko aurreneko presidenteak jaso du oparia. Bera zen klubeko buru 1969an estropadak egin zituztenean ere. "Jendetza bildu zen herrian txapelketa hura ikusteko. Palotak autoz bete ziren, eta errio ertzak zalez. Sekulakoa izan zen", gogoratu du.

(Argazkiak: Joxeju Olasagasti eta Onintza Lete Arrieta)

Rodriguezek eta Cruttendenek ere oroitzapen onak dituzte. Kontatu dute txarangaren atzetik kalejiran ibili zirela, eta festa handia egon zela herrian.

Bi kirolari ohien curriculuma ez da nolanahikoa: biak Cambridgeko arraun klubeko presidenteak izanak dira, eta Rodriguez epaile lanetan aritzen da gaur egun ere, non eta Ingalaterrako Tamesis ibaian jokatzen den Henley txapelketan. "Munduko estropada garrantzitsuenak dira", azaldu dute Camposekin batera ingelesei harrera egiten izan diren Joxemari eta Joxeju Olasagasti anaiek.

Ingelesak txundituta gelditu dira Orioko klubeko instalazioekin, eta gimnasioan sartu orduko, zuzenean joan dira ergometroetara, haiek probatzera. Beiratetik errioa ikusiz aritu dira jo eta su tarte batez.

Arraunetxeko bisita amaituta, Herriko Plazan egin dute azken geldialdia, Donostiarantz jarraitu aurretik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide