Aurten ere Orioko eta Aiako haur eta gazteek aukera izango dute beren bertso zaletasunaz gozatzeko. Aurreko urteetan bezala, adinaren eta gaitasunen arabera talde ezberdinak osatuko dira eta bakoitzak dagokion mailaren araberako klaseak izango ditu. Hori horrela, hasiera maila, trebatze maila eta mahai bueltako taldea bereizi dituzte.
Saioak astean behin izango dira Kosta Tailerrean, Errikotxia Bertso Elkarteak duen lokalean. Hasiera maila LH 3tik LH 5era bitarteko ikasleei zuzenduta dago eta astearte eguerditan izango dira klaseak; bestetik, trebatze maila LH 6tik DBH 2ra arteko ikasleei zuzenduta dago, eta saioak ere astearteetan izango dira, 18:30etik 19:30era; eta azkenik, mahai bueltako taldea DBH 3tik aurrerako pertsonek osatuko dute, eta hauen saioak ostegun iluntzetan izango dira.
Urte osoko matrikularen kostua 60 eurokoa izango da, eta ikastaroan izena emateko interesa dutenek, 635 72 02 40 (Iñaki) edo 615 76 74 36 (Mikel) zenbakietara deitu dezakete.