Duela berrogei urtekoak dira euskarazko aurreneko filmak. Orduko Eusko Jaurlaritzak eta EITB-k lau film zuzendariri eskatu zieten film bana egiteko, eta haiek izan ziren euskaraz egindako aurreneko pelikulak. Hautatutakoen artean zen Anjel Lertxundi idazlearen Hamaseigarrenean, aidanez liburuaren egokitzapena. Liburua idazteaz gain, filma ere Lertxundik berak zuzendu zuen.
Orain, film horiek zaharberritu egin dituzte Zinemaldiko Klasikoak sailean erakusteko, eta aldi berean, prozesu hori jasotzen duen dokumentala egiten ari dira. Koldo Almandoz zinema zuzendaria ari da lana egiten –ETBk eta Euskadiko Filmategiak bultzatuta– eta atzo eguerdian Orion izan ziren Anjel Lertxundi filmatzen, hain zuzen horrek duela 40 urte bere filmean grabatutako tokietako batean: Zakilaneko aldapan, hau da, Eusko Gudari kaletik elizara doan aldapan.
Almandozek Gukari azaldu dionez, uztailean Bolonian (Italia) izan ziren Lertxundirekin, hango laboratorio batean zaharberritu dituztelako lau euskal filmak, eta prozesu hori nola egin den jasotzearekin batera, zinema zuzendariekin elkarrizketak egiten ari dira, horien zatiak dokumentalean txertatzeko. Ikus-entzunezko hori ETBn emango dute, baina datarik ez dauka oraingoz.
Zinemaldiko Klasikoak sailean hamabi lan erakutsiko dituzte –Zinemaldia amaitutakoan hasiko da ziklo hori–, euskarazko aurreneko lau filmak tartean: Ramon Saizarbitoriaren100 metro (Alfonso Ungriak zuzendua), Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Xabier Elorriagak zuzendua), Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundik idatzia eta zuzendua) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedanorenak zuzendua).