Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko kazerolada egingo dute bihar udaletxe aurrean

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 4a, 11:20

Palestinaren alde Herriko Plazan egindako protesta bateko irudia. (Onintza Lete Arrieta)

Gernika-Palestina plataforma herritarrak kazeroladak deitu ditu Euskal Herriko udalerri guztietan, 19:00etan, udaletxeen aurrean ala herri bakoitzean erabakitzen duten lekuetan.

Gernika-Palestina plataformak ostiral honetan Palestinako genozidioaren kontra mobilizatzera deitu ditu euskal herritarrak. Gazan bizi duten egoera larria salatzeko eta erakundeei Israelekin dituzten harremanak eten ditzatela eskatzeko, lapiko-jotzeak deitu ditu Euskal Herriko udalerri guztietan, 19:00etan, udaletxeen aurrean ala herri bakoitzean erabakitzen duten lekuetan. Hala, Orion, udaletxe aurrean izango da hitzordua, bihar 19:00etan.

Plataforma herritarraren ustez, orain da momentua Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari berehalako su-etena agindu dezala eta tropak Gazatik erretiratu ditzala "behartzeko". Gogorarazi du, gainera, gazatarrek premiaz behar duten laguntza humanitarioa oztopatzen ari dela Israel.

Arrazoi horiengatik, Genozidioa stop! lelopean herrialde mailako mobilizazioa deitu du ostiralerako Gernika-Palestinak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide