Danbolin Musika eta Dantza Eskolak proiektu berria iragarri du hastear den ikasturterako 65 urteti gorako oriotarrentzat: Musikalagun musika saioak. Ikerketek diote musikak eragin positiboa duela pertsonen osasun eta ongizatean, eta tresna ezin hobea dela erritmoa, doinua, memoria, mugimendua.... lantzeko. "Horregatik, proiektuaren helburua da 65 urtetik gorako oriotarrei musikarekin gozatzeko aukera erraz eta atsegin bat ematea", azaldu dute Danbolineko arduradunek.
Izena emateko epea zabaldu aurretik, saio praktiko bat eskainiko die musika eskolak herritarrei, Musikalagun proiektuari buruzko informazioa jaso eta herritarrek konpromisorik gabe probatzeko. Hurrengo astean jarri dute hitzordua: irailaren 10ean, asteazkenarekin, egingo dute saioa musika eskolan, 11:00etan. Izena emateko epea, berriz, saio horren ondoren zabalduko dute.
Astean behin, ordutebez
Musikalagun musika saioak astean behin izango dira, ordubetekokoak, musika eskolan bertan, eta Amaia Gutierrez musika eskolako irakaslea izango da saio hauen gidaria.
Taldeak zortzi eta hamasei lagun artekoak izango dira, eta gorputza mugitzeko eta musikan trebatzeko jarduerak egingo dituzte, hala nola, koreografia sinpleak, hainbat hizkuntzatako kantak abestu, perkusio tresnak jo, eta beste kulturetako musika landu.
Proiektuaz informazio gehiago eskuratu nahi duenak 943-83 37 27 telefonora deitu dezake (14:30-19:00 artean), danbolin@orio.eus helbidera idatzi, edo Danbolin Musika eta Dantza Eskolara gerturatu (Iturbide kalea, 18).