Arraun Eskolako denboraldi berria hastear da, eta Orio Arraunketa Elkarteak gonbidapena luzatu die herriko gazteei aurten arraunean aritzeko. "Orioko herrian arrauna ez da jarduera fisiko hutsa: gure herriko historiaren eta kulturaren ondare bizi-bizia baizik, zein belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan diren balioak dituen", adierazi du klubak.
Hala, lau kategoria bereizi dituzte izena emateko deialdian: alebinak (2015-2014 urtekoak), infantilak (2013-2012 urtekoak), kadeteak (2011-2010 urtekoak), eta jubenilak (2009-2008). Deialdia ez da Orioko gazteentzat soilik, baizik eta arraunean probatu eta ikasi nahi duen edozein gazterentzat.
Gainera, ez da beharrezkoa aurretik arraun esperientzia izatea, izan ere, gazteek "entrenatzaile kualifikatuen laguntzaz, oinarrizko pausoak ikasi eta pixkanaka aurrera egiteko aukera" izango dutela zehaztu du klubak.
Hona hemen entrenamenduen ordutegiak:
- Alebinak: astelehen eta ostiraletan entrenatuko dute, 17:00etatik 18:00etara.
- Infantilak: astearte eta ostegunetan entrenatuko dute, 17:00etatik 18:30era, eta asteburuan, marearen arabera.
- Kadeteak: astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenatuko dute, 17:00etatik 18:30era, eta asteburuan, marearen arabera.
- Jubenilak: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan entrenatuko dute, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuan, marearen arabera. Azken maila honetan, klubak malgutasuna eskainiko du, ikasketek duten garrantzia dela medio.
Izen-ematea
Izena emateko, interesdunek galdetegi bat bete beharko dute, baita kuotaren transferentzia egin ere. Alebinen kasuan, 150 eurokoa izango da; infantil, kadete eta jubenilena, berriz, 350 eurokoa.
Informazio gehiago eskuratzeko, 647 781 410 zenbakira edota orioae@orio-ae.com helbidera idatzi daiteke.