Orioko Udalak azaldu duenez, Zaragueta Herri Eskolako kanpoko eremuak itxita jarraituko du aurreneko eskola egunera arte; hau da, irailaren 8ra arte. Izan ere, hainbat obra egiten ari dira bertan abuztuaren 19tik, eta herritarren segurtasuna bermatze aldera hartu du erabakia udalak.
Udalak 2023an egin zituen ikastetxeko frontoia eta sarbitzea egokitzeko lanak, baina frontoiko teilatuan eguzki plakak aurrerago jarriko zituztela aurreikusita, estalkia berritu gabe egon da. Orain, batetik, frontoiko estalkia berritzen ari dira, eta bestetik, eguzki plakak jartzen. Bi lan horietarako laguntzak jaso ditu –43.000 euro Jaurlaritzagandik eta 35.000 euro aldunditik–.
Urrian eraitsiko dute herriko frontoia, eta udalak aurreikusten du Ospele pilota elkarteko kideek Zaraguetako frontoia erabiliko dutela entrenamendu eta partida batzuk egiteko. Hori dela-eta, hainbat egokitzapen egingo zaizkio Zaraguetako frontoiari.
Oporraldia aprobetxatuta, beste lan batzuk ere egingo ditu udalak egunotan: iturria aldatuko da, tinbrea sarbide berrira lekualdatuko da, eta bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko dira.
Lan horien guztien kostua 185.000 euro ingurukoa izango da.