Etxean dira Oporrak Bakean programari esker uda Euskal Herrian igaro duten haur sahararrak

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 30a, 08:00

Hamza, Rachida, Manman eta Asma, asteazkenean Donostian, uda Orion, Getarian eta Zarautzen igaro ondoren, etxerako bidea hartzeko prest. (Saharautz)

Saharautz elkartearen bidez, haur bana etorri dira Oriora eta Getariara, eta bi Zarautzera. Gipuzkoan, guztira, 88 haur egon dira, horietako hamabi Zeraingo aterpetxean. Asier Oñederra Saharautzeko kideak egonaldiaren balorazio positiboa egin du, eta esan du hurrengo urteetako erronka harrera familia kopuruari eustea izango dela.

Oporrak Bakean programari esker 88 haur saharar izan dira aurten uda igarotzen Gipuzkoan, eta dagoeneko etxean dira, errefuxiatuen kanpalekuetan. Asteazken arratsaldean Ilunben (Donostia) elkartu, eta gauean hartu zuten etxeranzko abioia. 

Iaz baino ume gehiago etorri dira lurraldera, aurten Zeraingo aterpetxea zabaldu dutelako eta bertan egon direlako hamabi haur –iaz 67 haur hartu zituzten Gipuzkoan–. Ume horietako batzuk Saharautz elkartearen bidez etorri dira Oriora, Getariara eta Zarautzera; bana aurreneko bi herrietara, eta bi, azken horretara.

Asier Oñederra Saharautz elkarteko kideak aurtengo egonaldiaren balorazio positiboa egin du, nahiz eta ohikoa baino egonaldi laburragoa egin behar izan dute aurten umeek, bisatuekin egondako arazo batzuk tarteko. Berez bi hilabeteko egonaldia egiten dute harrera familietan, uztail hasieratik abuztu amaierara arte, baina aurten 20 egun beranduago iritsi dira. Gainerakoan, dena ondo joan dela adierazi du.

Hurrengo urteetarako erronkei dagokienez, Oñederrak argi du zein den: harrera familia kopuruei eustea. Izan ere, beheraka doaz horiek. "Elkarte guztien arazoa dela uste dugu; gero eta zailagoa da boluntarioak aurkitzea, eta programa honek denbora eskaintzea eskatzen du, bi hilabetez hartu behar duzulako haur bat". Hori bai, uste du esperientzia "aberasgarria" dela bai etortzen diren umeentzat, bai horiek hartzen dituzten familientzat ere. Horregatik, herritarrak animatu ditu egitasmo honetan parte hartzera. "Aurtengo udan, esaterako, bi familiak deitu digute informazioa eskatuz". Halako dei gehiago jaso nahi lituzkete. "Aurten familia berririk ez dugu izan, horixe pena", aitortu du.

Saharautzekin harremanetan jartzeko, mezua bidal daiteke saharautz.elkartea@gmail.com helbidera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide