Oria Bizi elkarteak aisialdirako ekintza berri bat antolatu du udako azken egunak aprobetxatzeko. Hain zuzen ere, herritarrek eskuragarri izango dute Euskadiko Kanoe Federakuntzak doan utzitako ontzia, familian edota lagunartean ibilaldiak egiteko Oria ibaian zehar.
Ontzia irailaren 20ra arte izango du elkarteak bere egoitzan, eta zehaztu dutenez, interesdunek hamar pertsonako taldeak osatu beharko dituzte ekintzan parte hartzeko. Taldea ezin osatuz gero, antolatzaileak arduratuko lirateke beste parte hartzaileak lortzeaz. Ibilaldiak ordu erdi eta hiru ordu laurden artekoak izango dira, eta marearen arabera zehaztuko dituzte ordutegiak.
Ekintza doakoa da eta ordutegien edo erabilgarritasunaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko, 722 201 844 zenbakira edota info@oriabizi.eus helbidera idatzi daiteke.