Mikel Unzurrunzaga 'Makala': "Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskal musikak horrelako estiloak ere edukitzea"

Aiora Arriola 2025ko abu. 22a, 12:00

Mikel Unzurrunzaga 'Makala' eta Lidia Insausti. (Utzitakoa)

Jendeak beraien abestiekin gozatzeaz gain, euskal musikan soul estiloak leku bat izatea ere garrantzitsua iruditzen zaiela azaldu du Mikel Unzurrunzaga Makala musikari zarauztarrak. Zuzeneko kontzertua eskainiko dute bihar, 22:00etan, Orioko hondartzako berdegunean.

Arima Soul taldeko Mikel Unzurrunzaga Makala musikariak, Lidia Insausti kidearekin emango duen emanaldiaren inguruko bitxikeriak azaldu dizkio Gukari. Bihar, larunbatarekin batera, kontzertua Orioko hondartzako berdegunean eskainiko dute, 22:00etatik aurrera.

Nola sortu zen Arima Soul taldea?

2020an Lidia Insausti abeslari gaztea eta ni neu, Mikel Makala zarauztarra, proiektuan murgildu ginen. Lehendik ezagutzen ginen jada, musika arlotik, eta behin elkarrekin zerbait egitea proposatu zidan eta baiezkoa eman nion. Bion proiektua da hau, abestiak sortzen eta grabatzen hasi ginen batera, eta, gerora, hainbat musikariri elkarlanean aritzeko aukera ematea ideia ona iruditu zitzaigun. Jende mordoa ibili izan da gurekin: Hilario Rodeiro, Paul San Martin, Gorka Gaztanbide, Jokin Vitoria... Egun, Martin Asarian, Antxon Sarasua…daude gurekin elkarlanean. Hasi ginenetik hainbat gauza grabatu ditugu: esaterako, 2020an aurkezpen moduko bat sortu genuen bost abestiekin; 2022an, disko bat argitaratu genuen, Girando Por Salas – GPS # 13 izenburupean, eta, aurten, Gaua diskoa atera dugu Madrilgo Subterfuge Records diskoetxe ezagunaren Musica Para Un Guateque Sideral bilduma barnean argitaratuz. Oraintxe ari gara bigarren disko honen bira egiten, eta kontzertu horietako bat izango da Orion eskainiko duguna.

Zer esanahi du taldearen izenak zuentzat?

Arima euskaraz da, eta soul hitzaren esanahia ere arima da ingelesez; beraz, arima bikoitza izango litzake Arima Soul izenburua. Soul, gainera, ingelesez arima izateaz gain, estilo musikal bat ere bada, 50.hamarkadan sortu zena, eta Lidiari eta niri asko gustatzen zaigu. Estilo hau nahiko beltza da, Estatu Batuetan sortutako afro amerikar kolektibotik sortutako musika da. Hori sortu baino lehenagotik dauden jazz-a, blus-a, rock and roll-a eta funk musika ere asko maite ditugu, baita hip hop-a eta musika elektronikoa ere. Beraz, hori guztia uztartzen dugu proiektu honetan, eta, arimaren bidez egiten badugu are eta hobeto; hitz joko bat da azkenean.

Zein musika motak markatu dute gehien zuen ibilbidea talde gisa?

Soul musikak. Gure musika oso ondo islatzen duen aterki ireki eta zabal bat bezalakoa da estilo hori. Azkenengo diskoan ikusten den moduan, ez dugu fokua hamarkada finko batean soilik jarri nahi, estilo asko maite baititugu, eta horiek guztiak baitira gure inspirazio iturri.

Zer espero dezake jendeak Orioko kontzertura etortzen denean?

Batetik, jendeak musika egiten duen talde bat ikusiko du, baina guretzat garrantzitsuena musika hori euskaraz sortzen dugula da. Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskal musikak horrelako estiloak ere edukitzea. Egun, geroz eta talde gehiago daude, baina guk ere horrekiko mezu bat zabaldu nahi dugu eta gure aldetik zerbait eskaini Euskal Herrian. Beraz, musika dantzagarri hau proposatzen dugu Lidia Insaustiren ahots izugarriarekin, eta taldearen indarrarekin, noski. Entzuleek dantza egiteko eta gozatzeko aukera izango dute.

Zuen kontzertuetan ezinbestekoa den edo berezia egiten duen abestirik baduzue?

Talde guztiek daukate beraien abestia, eta gure kasuan disko berriko Gaua abestia da bereziena, nolabait, gure lan honen izenburua ere horixe delako, Gaua. Jendeak asko maitatzen eta dantzatzen du abesti hori, baita lehenengo diskoko Arima abestia ere.

Nolakoa da zuen sormen prozesua? taldean egiten duzue guztia edo bakoitzak bere ekarpena egiten ditu?

Biok egindako egitasmoa da hau, ideia batzuk nik daramatzat barnean, eta, beste batzuk, berriz, Lidiak. Horiek guztiak nondik nora joan daitezkeen pentsatzen dugu, ondoren ideiak abesti bihurtzeko. Sortutako zirriborroak modu batera eta bestera probatzen joaten gara, eta behin ideia egituratu bat daukagunean, abestia sortzen dugu. Azkenik, musikariei deitzen diegu kolaboratzaile gisa, instrumentuak gehitzeko.

Agertokira igo aurretik ohiturarik badaukazue?

Igo aurretik guztiok animatu eta besarkatu egiten gara, ondoren gure artean oholtzan gozatzeko.

Zer da gehien gozatzen duzuena zuzenean jotzean?

Jendea gure aurrean gozatzen ikustea, gurekin konektatuta dantzan. Hori da azkenean musikarien helburua, konexio sendo bat egotea entzuleen eta gure artean. Txaloak ere eskertzen dira, baina gertutasuna da onena eta jendea dantza egitera animatzea kontzertuan zehar.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide