Zorione Mendez artistak Ganbara sormen tailerra eskainiko du beste urte batez

Aiora Arriola 2025ko abu. 18a, 11:28

Ganbara sormen tailerra. (Zorione Mendez)

Eskolak urriaren 1ean hasiko dira, eta iaz bezala, Zorione Mendez sortzaileak eskainiko du tailerra Nerea Urdangarinen laguntzapean. Herriko haur eta gaztetxoentzat da tailerra eta ikasturte osoa iraungo du. Marrazketa, pintura, eskultura, eskulanak eta serigrafia landuko dituzte, eta hilean behin gorputz adierazpena eta ingelesezko saioak ere bai.

Udalarekin eta bi ikastetxeekin elkarlanean, Zorione Mendez sortzaile oriotarrak Ganbara izeneko sormen tailerra eskaini zien herriko haur eta gaztetxoei pasa den ikasturtean, eta hastear den kurtso berrian hirugarrenez emango du tailerra Nerea Urdangarinen laguntzarekin. Izena emateko epea irailaren 15ean amaituko da, eta eskolak hurrengo egunean hasiko dira, urriaren 1ean.

LH eta DBHko herriko ikasleentzat da jarduera, ikasturte osokoa, Urritik ekainera artekoa. Ikasturte erdia Orioko Herri Ikastolan hasiko da, eta beste erdia, Zaragueta Herri Eskolan egingo dute. Urrian hasiko dira eskolak, eta adin bakoitzeko egunak eta ordutegia zehaztuta daude jada.

Arte plastikoen tailerrean marrazketa, pintura, eskultura, eskulanak eta serigrafia lantzeaz gain, hilean behin ingelesezko Antxobi saioa eta Gorputz Adierazpenaren saio bat eskainiko dituzte; azken hauek horretara egokitutako “salto” gelan eginez.

Izen-ematea eta egutegia

Ganbara sormen tailerra urrian hasiko da, eta kuotaren barruan materiala sartzen da; hala, ikasleek ez dute ezer eraman behar saioetara. Hileroko prezioa 60 eurokoa izango da, eta izena emateko bi modu daude: 652 70 22 37 telefonora deituta edo mezua bidalita, edo ganbarasormentailerra@gmail.com helbidera mezua idatzita.

Ordutegiak honakoak dira:

  • Asteartea:
    • 17:00-18:30. LH 1- LH 3 mailak.
    • 19:00-20:30. DBH 1- DBH 4 mailak.
  • Osteguna: 17:00-18:30. LH 4 - LH 6 mailak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide