Sentsazio gazi-gozoa Oriorentzako, Zarauzko ikurrinaren lehen jardunaldia jokatu eta gero

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 16a, 21:03

Orioko trainerua irabazle Zarauzko lehen jardunaldian. (Aitor Arrizabalaga)

Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatu dituzte gaur arratsaldez Zarautzen. Gizonetan, Orioko estropada irabazi du, 12 segundo aldea atera dio bigarrenari, eta Zarauzko ikurrina irabazteko faborito garbia da. Emakumeak, aldiz, hirugarren geratu dira Euskotren ligako estropadan, Donostia Arraun Lagunakekiko 22 segundora.

Sentsazio arraroarekin itzuliko ziren etxera Orioko Arraunketa Elkarteko kideak gaurko arraun saioaren ondoren. Zarauzko ikurrinaren lehen jardunaldia jokatu dute arratsalde partean, eta elkarteko gizonek egindako lanarekin pozik geratuko diren, lehenak izan direlako gaurkoan, eta bihar bandera irabazteko faborito garbiak direlako; pena, berriz, emakumeen trainerua bandera borrokatzetik urrun geratu delako.

Euskotren ligako estropada jokatu dute lehenbizi, eta zaletuek Donostia Arraun Lagunak eta Orioren arteko beste borroka bat espero zuten. Gaurkoan ez da posible izan. Donostiarrek oso estropada serioa egin dute, eta lehen paladetatik hartu dute burua. Orio, bere aldetik, pixkanaka denbora galtzen joan da, eta ziabogako orduan donostiarrek oriotarrekiko zuten sei segundoko aldea 22ra igo da estropada amaieran. Tolosaldeak bakarrik eutsi diote Arraun Lagunakeri, eta Oriok hurbilago izan du laugarren egin duen Zumaia, lehen postuak baino. Bihar, beraz, 22 segundoko desabantailarekin uretaratuko da Orio, eta bandera irabaztea zaila izanik, bigarren jardunaldian onena ematera aterako dira. 

Gizonen txanda izan da ondoren. Eusko Label ligarako estropada puntuagarria, ohorezko txandan aritu da sailkapeneko buruan dagoen Orio. Donostiarra, Zierbena eta Urdaibai izan ditu aurkari gaurkoan. Lehen bi luzetan lehia estua izan da lau ontzien artean, eta segundo eskaseko aldeak izan dira batzuen eta besteen artean. Hirugarren luzean burua hartu du Gorka Aranberrik gidatutako traineruak, eta ez du hutsi amaierara arte. Aldea zabaltzen joan da, eta helmuga puntuan 12 segundoko aldea atera dio Donostiarrari eta 13koa Zierbenari. 

Altxor horrekin uretaratuko dira bihar, Zarauzko ikurrina lortzeko asmoarekin. 11:25ean hasiko da Euskotren ligako estropada, eta haren amaieran Eusko Labelekoa. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide