Duela egun batzuk hasi ziren Ohorezko Mailan ariko den Orioko Futbol Taldeko jokalariak 2025-2026 denboraldia prestatzen, eta gaur ekin diete horiek denboraldiaurreko partidei: jubenilen mailako Antiguoko taldearen aurka jokatu du neurketa, etxean, Mendibeltz zelaian, eta 1 eta 0 irabazi du Orioko taldeak.
Igor San Miguel entrenatzailearen gidaritzapean ari dira aurten estreinakoz mutilak. Preferente mailatik Ohorezko Mailara igo ziren joan zen denboraldian, izugarrizko lana eginda. Hori dela eta, igoera lortu zuen taldeko jokalari ia gehienek jarraituko dute datorren sasoian ere. Dena den, hainbat lagun batu dira taldera: Paul Kortazar, Beñat Arruti, Xuban Garcia, Iker Peral, Liber Perez, Joseba del Olmo nahiz Unax Arozena.
Gaur lehen neurketa jokatu ostean, datorren astean izango dute bigarrena: Zarautzen jokatuko dute, hilaren 20an. Gero, hilaren 27an, Mendibeltzen ariko da lehen taldea, Ostadarren aurka. Liga hasi aurreko azken bi lagunarteko partidak, berriz, Astigarragako Mundarroren eta Tolosaren aurka jokatuko ditu taldeak.
Emakumeak, Ohorezko Mailara
Nesken lehen taldea ere mailaz igo zen joan zen denboraldian; hain zuzen, Ohorezko Mailan arituko da taldea datorren denboraldian. Orioko Futbol Taldeak uztailean eman zuen taldera batuko ziren hainbat jokalariren berri; zehazki, Daniela Recio, Daniela Bernedo, Nora Bravo, Araitz Azpitarte eta Sara Iriso emakumeen lehen taldean ariko dira.
Aurki hasiko du talde horrek denboraldiaurrea, eta irailaren hondarretan, berriz, liga.