Zarautzen arituko dira Orioko traineruak asteburuan

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 15a, 08:20

Orioko emakumeak, pasa den asteburuan Galizian jokatutako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatuko dituzte bihar eta etzi Zarautzen. Herritik gertu, Orioko zaletuek hori kolorez jantziko dituzte itsas bazterrak. 

Traineru denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa jokatuko dute bihar eta etzi Zarautzen. Zarauzko ikurrinak izango dira jokoan: 17. aldia emakumeen kasuan, eta 48.a gizonetan. Lehena Euskotren ligarako puntuagarria izango da, eta Eusko Label ligarakoa bigarrena. Herritik gertu izanda, oriotarrek seguru hutsik egingo ez dutela, eta Zarautz eta Getaria arteko pasealekua hori kolorez jantziko dutela. Orioko Arraunketa Elkarteko arraunlariek ere onena eman nahiko dute bere zaletuen aurrean. 

Larunbateko arraunketa saioa 17:25ean hasiko da Euskotren ligako estropadarekin, eta haren amaieran arituko dira Eusko Label ligako ontziak. Igandean, berriz, 11:25ean izango da emakumeen saioa eta hura bukatuta gizonak. Bi jardunalditara jokatzen da Zarauzko bandera. Saio bakoitzak sailkapenerako puntuak emango ditu, baina bandera bi egunetako denborak kontutan hartuta erabakiko da. 

Orioko bi traineruak ohorezko txandetan arituko dira. Emakumeek ezin izan dute bereganatu banderarik azken jardunaldietan, eta denboraldiko uneren batean sailkapeneko buruan egon badira ere, azken aldian Arraun Lagunakek aldea zabaldu du. 89 puntu dituzte donostiarrek eta 81 Oriok, eta lau estropada besterik ez dira falta denboraldia amaitzeko. Hala ere, oriotarrak dena ematera aterako dira asteburuko hitzorduan.

Gizonen kasuan, San Nikolas trainerua ari da izaten denboraldiko dominatzaile garbia. Gaur gaurkoz, 140 punturekin, 24 puntuko aldea ateratzen dio bigarrena den Donostiarrari, eta 25ekoa hirugarren den Zierbenari. Iaz Donostiarra izan zen Zarauzko uretan irabazle. Oriotarrek buelta eman nahiko diote emaitzari, eta garaipena erdietsi, Eusko Label liga irabazteko beste pauso bat emanez. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide