Gure Zirkuak Orio bereganatu du, sarrera guztiak agortu baitira

Aiora Arriola 2025ko abu. 14a, 10:00

Gure Zirkuaren karparen ataria, jendez lepo.

Abuztuaren hasieratik ari da Gure Zirkua Orion emanaldiak eskaintzen, eta azken bost saioetarako sarrera guztiak agortuta daude. Irailean Doneztebera joango da Gure Zirkua lehen aldiz, eta han hamar emanaldi eskainiko dituzte.

Uztailaren amaieran hasi ziren muntatzen Gure Zirkuko kideak karpa Mendibeltz futbol zelaiaren atzeko berdegunean, eta, abuztuaren lehenengo egunetik hasi ziren emanaldiak eskaintzen. Ordutik, bederatzi aldiz egin dute ikuskizuna, eta geratzen diren bost emanaldietarako sarrerarik ez da gelditzen jada.

Aste Santuko oporretan hasi zen Gure Zirkua Euskal Herriko txokoak zeharkatzen, eta Orion zortzigarren aldiz egin dute geldialdia aurten. Beste urte batez, ikaragarrizko arrakasta izaten ari da zirkua herrian.

Hala ere, Gure Zirkuaren ikuskizuna ez Orion amaituko; irailean beste herri batera joango dira, Doneztebera (Nafarroa), hain zuzen. Aurten, lehenengo aldiz izango dira han; irailaren 6tik 20ra hamar emanaldi eskainiko dituzte. Doneztebeko emanaldietarako sarrerak salgai daude Gure Zirkuaren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide