Joan zen hilean Lagunak erreskatera! filmaren emanaldia izan zen hondartzan, eta hilabete honetan beste film bat ikusteko aukera egongo da: Buffalo kids. Antilla hondartzako berdegunean izango da emanaldia, 22:00etatik aurrera.
Zinema aretoetan iaz estreinatu zuten Tom, Mary eta Nick neska-mutikoen abenturak hizpide dituen animaziozko filma. Jordi Gasull eta Javier Barreirak zuzendutako ekoizpena XIX.mendearen amaierako AEBetan kokatzen da, eta New Yorketik Mendebalde Basatira bidaia egingo duten polizoi gazteen istorioa kontatzen du. Tom eta Mary neba-arreba umezurtzak osabarekin elkartzeko asmoz abiatuko dira bidaian, eta Nick ezagutuko dute, beren bizitzak betirako aldatuko dituen lagun berri eta aparta.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako lana da, eta 83 minutuko iraupena du. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez, euskaraz estreinatu zuten filma, eta Orion ere euskaraz emango dute.