"Helburua esperientziaz gozatzea zen, eta, ahal izanez gero, hamar onenen artean sailkatzea". Hala azaldu dio Martin Iriondo atleta gazteak Gukari, Europako Atletismo Txapelketan izandako esperientziaz. Ostiral arratsaldean lehiatu zen oriotarra Finlandian, 20 urtez azpiko kategorian, 5.000 metroko proban, eta egindakoarekin "oso gustura" da.
Aurreneko helburua aise lortu du: gozatzea lasterketan. "Gainera, lagunak eramaten dituzu, eta hori da garrantzitsuena niretzat". Bigarrenari dagokionez, atarian gelditu da, baina hala ere pozik da: 11. egin du, eta "emaitzarekin oso gustura" dagoela adierazi du. "Egin daiteke hobeto, baina ezin gara kexatu".
Lasterketari dagokionez, hasieratik nahiko mantsoa izan zela esan du, eta ia bukaerara arte pelotoian joan zirela. Azken kilometroan erasora jo zuten batzuek, eta nahiko azkar joan zirela azaldu du; aurreneko kilometroa 2,30 denboran egin zuten, eta Iriondok, 2,39 denboran.