Zazpi bikote lehiatu ziren atzo arratsaldean Aiako I. Dantza Suelto Txapelketan, eta puntako ikuskizuna eskaini zuten dantzariek. Herritar ugari elkartu ziren plazan txapelketaz gozatzeko, eta giro bikaina izan zen San Donato eguneko arratsalde partean.
17:00etan hasita, eguzkipean aritu ziren, Elustondo anai-arreben trikiti doinuen erritmora, ohi bezala, fandangoa eta arin-arina dantzatuz. Azpeititik iritsiak ziren lehiakide gehienak, eta txapela eta zapia ere hara joan ziren, Jone Arriaranek eta German Aranburuk irabazi baitzuten txapelketaren lehendabiziko edizioa. Bigarren saria ere azpeitiarrentzat izan zen; Nora Aizpuru eta Iker Zabala sailkatu ziren postu horretan. Partaideen artean ez zen aiarrik, baina bai bi oriotar: Bidatz Manterola eta Jon Alkain. Eta hain justu, hirugarren saria eskuratu zuten horiek, dantzan dotore eginda.
Irabazleei egokitu zitzaien dantzan aurrena egitea. Bigarren Iara Sustaeta eta Ane Lazarobastar aritu ziren, horiek ere azpeitiarrak. Hirugarren Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola azpeitiarrek jardun zuten, eta laugarren, Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla zestoarrek. Haien ondoren atera ziren oholtzara Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrak, eta gero, Hegoa Aizpuru eta Irati Olaizola –azpeitiarra bat, eta legazpiarra, bestea–. Oriotarrak izan ziren lehiatzen azkenak.