June Urbitarte: "Nire amets handiena da Orio Zilarrezko Mailara igotzea"

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 6a, 08:00

June Urbitarte, Karela kiroldegiko kantxan. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Eraginen sorrera barru-barrutik bizi izan zuen orain sei urte, eta gaur egun senior taldeko kapitainetako bat da. Denboraldi bikaina eginda, Euskal Ligara igo dira. Aurreneko ametsa bete du oriotarrak, baina gehiago ditu. Uztaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Eskubaloiarekiko pasioa sehaskatik jaso du June Urbitartek (Orio, 2005), odolean darama; gurasoak jokalariak eta entrenatzaileak izandakoak dira –Alazne Arrillaga eta Aitor Urbitarte–, eta Laida Urbitarte ahizpa Beti-Onak taldean aritzen da. Orio Eraginen sorrera barru-barrutik bizi izan zuen orain sei urte, eta gaur egun senior taldeko kapitainetako bat da. Denboraldi bikaina eginda, Euskal Ligara igo dira. Aurreneko ametsa bete du oriotarrak, baina gehiago ditu.

Orio Eragineko senior taldean jokatzeaz gain, kadeteak ere entrenatzen dituzu. Kiroldegian ordu batzuk igarotzen dituzu astean zehar...

Iaz hasi nintzen kadeteen entrenatzaile lanetan, Anderrekin [Agote] batera. Bera da, era berean, gure entrenatzailea. Urtean zehar pixka bat gogorra egiten da, kadeteen entrenamendutik zuzenean gure entrenamendura joaten garelako eta astero sei entrenamendu eta bi partida izaten ditugulako. Baina, bestalde, oso gustura ibiltzen naiz, beste perspektiba bat hartzen baita entrenatzaile lanetan. Etxean ere jasoa nuen zerbait aitarengandik, baina orain beste modu batera ari naiz ikasten.

Ama izan zenuen aurreneko entrenatzailea.

Amak eskubaloian jokatu zuen bere garaian, eta aita eta ahizpa Zarauzko eskubaloi klubean ibili izan dira beti. Ni ere han aritu nintzen txikia nintzenean, eskubaloi eskolan, Orion ez zegoelako halako aukerarik. Baina ama, ni bezala, oso oriotarra da, eta pentsatu zuen eskubaloia Oriora ekartzen saiatu behar zuela. Nire adineko jende dezente animatu zen eskubaloian federatzera, eta infantilen lehenengo urteko taldea atera genuen Orion, nahiz eta Zarauzko klubaren izenean jardun genuen. Ama izan nuen entrenatzaile, Maria Azkuerekin batera [Azkue da orain senior taldeko beste kapitaina].

Nola gogoratzen duzu hasiera hura?

Denboraldi oso txarra egin genuen; partida bakarra irabazi genuela uste dut [barrez]. Amak esaten zuen taldea ona zela, baina beste entrenatzaile batzuk behar zituela taldeari bere onena ateratzeko. Hala, Zarautzen nire ahizparen entrenatzaileak ziren Ander Agote eta Gari Garagarza konbentzitu zituen Orion gu entrenatzen hasteko. Bigarren denboraldia ere Zarauzko klubaren izenean ari ginen gauzatzen, eta erabaki zuten pausoa eman eta Orion kluba sortu behar zutela. Sei-zazpi lagunen artean sortu zuten kluba.

Sei urte igaro dira ordutik, eta kluba hazi egin da.

Bi talde ziren klubean hasieran; orain, bederatzi. Oso pozgarria da uneoro kiroldegia beteta ikustea, eta neskek herrian bertan eskubaloian aritzeko aukera izatea. Ume asko ari dira klubera batzen, eta niretzat hori da politena.

Seniorren taldea Gipuzkoako Ligatik Euskal Ligara igo da aurten. Zuretzat amets bat zen hori, ezta?

Urte hasieratik neukan mailaz igotzeko nahia, baina Anderrek esaten zidan ez itsutzeko horrekin eta jarraitzeko lanean, iritsi behar bazuen iritsiko zela. Etxean ere horixe esaten zidaten. Aurten lan asko egin dugu, eta horrek eraman gaitu emaitzak lortzera. Sekretua horixe izan da.

Zuen etxean denak dira eskubaloian arituak. Zer erakutsi dizu bakoitzak, jokalari eta pertsona bezala?

Aita da eskubaloiaz gehien dakiena, eta gure maisua izan da; zalantzaren bat dudanean, harengana jotzen dut beti. Amak, berriz, lasaitu egiten nau: eskubaloia intentsuki bizi dudanez, asko haserretzen naiz entrenamendu edo partida txarra izan badut, eta ama da lasaitu eta su hori itzaltzen didana. Laidarekin, berriz, oso pareko ikusten naiz: elkar babesten dugu eta elkarrengatik pozten gara.

Ahizpa Beti-Onak taldean aritzen da, Ohorezko Mailan. Zuk baduzu halako talde batera iristeko ametsik?

Kanpoko presioa beti hor dago. Badirudi Aitorren alaba edo Laidaren ahizpa izateagatik gehiago egin behar dudala, baina ni neure ibilbidea ari naiz egiten, eta Orion nahi dut jarraitu. Izan ere, nire amets handiena da kamiseta horiarekin Zilarrezko Mailara igotzea [hurrengo maila]. Hori lortu arte, hemen jarraituko dut [barrez].

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide