Euskal preso eta iheslariak "etxean" nahi dituztela aldarrikatu dute gaur Orioko hondartzan

Julene Sorarrain 2025ko abu. 3a, 14:00

Euskal Herriko 11 hondartzatan egin dituzte mobilizazioak Etxerat eta Sare elkarteek, tartean Orioko Antillan. Oriotarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere bertaratu dira euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko protestara.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarrikapena egin dute gaur eguerdian Orioko Antilla hondartzan egindako mobilizazioan.

Etxerat eta Sare elkarteek deituta, Euskal Herriko 11 hondartzatan egin dituzte mobilizazioak, eta eskualdean Oriokoa izan da hitzordu bakarra. Horregatik, oriotarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere bertaratu dira Sare eta Etxeraten protestara.

12:00etan autobideko zubi azpitik abiatu da giza katea, eta hondartzako barraraino joan dira banderolekin.

"Sufrimenduarekin behin betiko amaitu"

Sarek eta Etxeratek prentsa oharra argitaratu dute gaur, eta bertan helburua zein den zehaztu dute: "Behin betiko amaitzea sufrimenduarekin, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea, eta noski, behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea".

Aurtengoan, "azken txanpari" egin nahi izan diote erreferentzia. Izan ere, azken txanpak "benetan gogorrak eta luzeak" izan daitezkeela azpimarratu dute. "Olatua hartu dugu eta bistakoa da prozesu honetan eman ditugun pausoek ekarri dituzten fruituak", zehaztu dute.

Bestalde, gogora ekarri dute 56 direla egun "beraien zigorrak erregimen irekian betetzen ari diren presoak". Hala eta guztiz ere, "hamaika dira oraindik egia jakiteko, errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko falta diren biolentzia ezberdinen biktimak".

Amaitzeko, ondorio guztiekin amaitu eta konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren izenean urratsak ematen jarraituko dutela gehitu dute: "Ezinbestekoa zaigu mobilizatzen jarraitzea, azken txanparekin amaitzea guztion artean lortuko dugu eta".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide