Karabela portugesek egindako bi ziztada erregistratu dituzte Antillan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 29a, 15:00

Artxiboko irudian, Antilla hondartza.

Sorospen zerbitzukoek Gukari baieztatu diote igandean izan zutela bi ziztaden berri, baina bi ordu eta erdiko tartea egon zela batetik bestera, eta ez zutela neurri berezirik hartu beharrik izan. Atzo eta gaur ez da espezie horretako alerik agertu hondartzan.

Azken urteetan bezala, aurtengo udan ere hasi dira karabela portugesak agertzen inguruko hondartzetan. Getarian, esaterako, Gaztetape hondartzan bandera gorria jarri dute gaur, 30 karabelatik gora agertu direlako, "oso txikiak" izan arren. Orion ere agertu dira, baina sorospen zerbitzukoek Gukari adierazi diotenez, igandean bi ziztadaren berri izan zuten, eta ordutik ez dute ikusi marmokaren antza duen espezie horretako alerik. Bi ziztaden artean bi ordu eta erdiko tartea egon zela gaineratu dute sorosleek, eta horregatik, neurri berezirik ez zutela hartu beharrik izan.

Protokoloa da karabela portugesak ikusiz gero hondartzan bandera zuria jartzea. Bandera horretan, marmoka baten irudia ageri da. Denbora tarte txikian ziztadak egoten badira, bandera horia edo gorria jartzen dute, eta berdin hondartzara iristen diren kopuruaren arabera. Asko agertzen badira, bainua debekatzen dute.

Antillan, ordea, momentuz normaltasuna da nagusi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide