Asteburuko bi estropadak irabazita, lider sendoa da Orio Eusko Label ligan, eta denboraldia amaitzeko oraindik estropada asko falta badira ere, hamasei puntuko tartea ateratzen dio une honetan sailkapenean bigarren den Zierbenari.
Gertukoenetik hasita, atzoko estropadan, azken luzean Donostiarra zuen kalean zela ikusita eta bi segundoko aldea bakarrik zegoela bion artean, erabaki zenuen Donostiarraren aldera jarraitzea haiek oztopatuz. Zuen garaipenean eragina izan zuela uste duzu?
Momentuan hartzen diren erabakiak izaten dira. Bigarren luzeak erakusten dizu bidea zein izan den, eta azken luzean pare-parean atera ginen ziabogatik, eta erabakia izan zen kalea defendatzea. Donostiarra oso ondo moldatzen da itsasoan, eta gure erabakiarekin, guretzat ere kaltea izan arren, beraientzat handiagoa izan zen. Bereaz, kalea defendatu genuen, eta olatu bat aprobetxatuz, traineru bateko tartetxo bat zabaldu genuen, eta hala iritsi ginen helmugara.
Halakoetan, erabakia patroiak hartzen du ala kanpotik esaten diote?
Kanpotik gauza asko ikusten dira, baina erabaki horiek barruan hartzen dira, eta beti ez da asmatzen. Atzo asmatu zen, eta orain ematen du erabakiorra izan zela eta onenak garela, baina ez. Beste batzuetan ere kalea defendatzea erabakitzen duzu, baina gauzak ez dira ondo ateratzen. Esaterako, aurreko txandan Getariari gertatu zitzaion: erabaki berdin-berdina hartu zuen Hondarribiarekin, eta horrek irabazi egin zion. Eta, gainera, bestaldetik, San Juanek biei irabazi zien. Batzuetan galtzen ateratzen zara kaleen borroka horretan. Estropadak berak ematen dizun bidea da hori, finean.
Orokorrean, atzoko estropadarekin gustura, ezta?
Bai. Asteburu oso-oso borobila izan da, bi banderak lortuta eta aurkariari, larunbatean genituen zortzi puntuko aldea jardunaldi bakarrean hamaseira arte bikoiztuta. Liga oso ondo bideratuta jarri dugu. Oraindik ez da liga erdia pasatu, eta horregatik, ezin da esan ezer erabakita dagoenik, oraindik estropada eremu oso zailak tokatzen direlako itsaso zabalean, kaleen artean alde handiak dauden eremuekin. Esaterako, hurrengo asteburukoak, Hondarribian (Gipuzkoa) eta Lekeition (Bizkaia). Estropada horiek ere pasatu egin behar dira, eta ahalik eta ondoen pasatu beharko ditugu. Izan ere, beste urteetan ez dira aurreko txandetako horrenbeste talde sartu, baina azken estropadetan ikusten ari gara baldintzak pixka bat onak baldin badira, aurreko txandetako edozein sartzen zaizula, eta ez bakarrik bigarren txandatik, baita lehenengotik ere. Beraz, puntu dantza handia dago.
Atzo Zierbenari gertatu zitzaiona...
Hori da. Bermeok zortzigarren eta Zierbenak bederatzigarren egin zuten, eta guri ere gerta dakiguke, eta egun batean, puntu sorta handi bat galdu.
Dena den, orain duzuen puntu alde horrek emango du segurtasuna, ezta?
Bai. Zierbenak bi akats egin ditu, aurreko igandean ere bosgarren postu bat lortu zuelako. Eta liga irabazi nahi duen talde batek, denboraldian zehar akats bat agian onar dezake, baina bi garesti ordaintzen dira. Datorren asteburuan liga erdia beteko da, eta guk oraingoz ez dugu akatsik egin, eta garrantzitsua izango da, irabazten ez badugu ere, akatsik egin gabe, aurreko puntan ibiltzea eta ahalik eta puntu gutxien galtzea.
Joan den asteburura itzulita, Getxon ere estropada ona egin zenuten larunbatean.
Oso ona izan zen, bai. Larunbatetik igandera sei aldaketa egin genituen traineruan. Atzo estropada eremuak eta baldintzek eskatzen zuten horretara oso ondo egokitu ginen, eta sei arraunlari fresko sartzeak mesede egin zigula uste dut. Esan beharra dago, gainera, estropalari batek –Iker Zinkunegi– eta beste patroiak izan ezik beste guztiok jokatu dugula asteburu honetan, eta denok bandera atera dugula; eta Oihan Manterola beste patroiak ere bandera lortu zuen B taldearekin jokatuta larunbatean. Beraz, alde horretatik, oso-oso gustura gaude.
Batzuentzat, gainera, aurreneko bandera izan da...
Bai, Ugaitz Astigarragak atzo debutatu zuen, eta baita bandera lortu ere. Oihan Gozategik, berriz, nahiz estropada batzuk jokatu zituen iaz TKE ligan, larunbat honetan lortu zuen aurreneko bandera. Biak dira etxekoak, harrobikoak, eta bientzat izan dira aurreneko banderak. Pozgarria da etxeko jendeak bidea egitea traineruan sartzeko eta gainera banderak irabaztea.
Aurten iritsi zara Oriora: helburuak betetzen ariko zara, ezta?
Bai. Ni ibilbide oso oparo batetik nator azken urteetan, asko irabazi dut. Taldez aldatzeak berriro bloke bat osatzea eskatzen du, nahiz eta Orion jende asko bertakoa zen eta lehengo bloketik mantentzen zen, baina lana egiteko era desberdina da, entrenatzailea eta prestatzaileak desberdinak dira, eta guk ekarri ditugun arrauneko ikuspuntu eta teknika horiek pixka bat desberdinak dira eta kostatu egiten da horiek txertatzea. Neguan lan asko egin dugu, eta uste dut orain ari garela emaitzak ikusten. Alderdi horretatik, pertsonalki oso pozik nago, denbora gutxian bloke honek gure ideologia edo gure lan egiteko era hori ondo barneratu duelako eta azkar jarri duelako martxan.
Helburuez ari garenez, Kontxaz hitz egiteko azkarregi al da?
Ekipo guztiok begiratzen diogu irailari eta Kontxari eta denok nahi izaten dugu irailera ondo iritsi. Oraindik asko gelditzen da, eta gorabeherak izango ditugu. Orain arte haizea alde izan dugu, dena ondo ateratzen ari zaigu, baina denboraldian zehar talderik onenak eta gauza guztiak irabazten dituenak ere izaten ditu momentu txarrak. Guri ere etorriko zaizkigu, eta taldeak hori ikasi beharko du; momentu txarrak kudeatu eta berriz buelta ematen. Erronka izango da hori ere.