Euskal kostaldearen turismo mapa aurkeztu dute

Intza Trula 2025ko uzt. 23a, 17:00

Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabal, Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Libe Otegui, gaurko ekitaldian. (Intza Trula)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txokoak, kultura eta gastronomia ezagutzeko gida bat da. Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Libe Otegi eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian.

Euskal kostaldean ezinbestean bisitatu beharreko txokoen mapa ilustratua kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak. Gaur goizean eman dituzte Euskadi Basque Country Grand Tour izeneko ekimenaren nondik norakoak, Zarauzko Ur Bare hotelean egindako ekitaldian.

Xehetasun guztiak emateaz arduratu dira Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Libe Otegi eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka. Hain zuzen, itsasertzaren erakargarritasun turistiko nagusiak lehen lerroan jartzeko diseinatutako tresna da mapa, eta garrantzi berezia ematen dio paisaiaren eta gastronomiaren aberastasunari.

Agirrezabalek kontatu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bisitatzen dutenen %60ak autoz egiten du. Hori horrela, mapak "ibilbide ezberdinak egin eta txoko interesgarriak ezagutzeko aukera" ematen die. Euskal Herriko leku erakargarri asko kostaldean daudela ere gehitu du sailburuordeak: "Denok sentitzen gara harro lagunei Bizkaia zubia, Gaztelugatxe, flyschak edota Zarautz erakustean". Era berean, ezagutu daitezkeen museoak ere aipatu ditu; hala nola Balentziaga museoa, Tren Museoa edota Albaola museoa.

Hori hala, mapa turismo aktiboa eta jasangarritasun turistikoa sustatzeko "funtsezko elementua" dela dio Agirrezabalak, "turismoa lurralde osoan banatzeko, urtarokotasuna ezabatzeko eta tokiko garapena sustatzeko”.

Denboraldia luzatzen

Bere aldetik, Otegik opor denboraldian jarri du arreta. Izan ere, opor sasoia "luzatzen" ari dela dio berak: "Lehen ekainean, uztailean eta abuztuan jasotzen genituen bisitariak; orain, ordea, maiatzetik irailera etortzen dira turistak".

Horrenbestez, Euskadi Basque Country Grand Tour ekimena albiste "ezin hobea" da Otegirentzat, "produktu turistiko honek lurraldea egituratzen baitu, udalerriak eta baliabideak lotuz, ikuspegi jasangarri batetik".

Zarauzko herriari ere zuzendu nahi izan zaio Turismo zuzendaria, "Gipuzkoako erreferente turistiko handienetako bat" dela esanaz. "Zarautzek hamarkadak daramatza turistak jasotzen eta haien bizikide izaten, eta hori diot harrera oneko herria delako". Turismoak leku bat eraldatzeko ahalmena ere baduela iritzi dio Otegik: "Aberastasuna, enplegua eta nortasuna sor ditzake, eta horren adibide da Zarautz".

Txurruka, berriz, pozik agertu da ekimena Zarautzen aurkeztu izanarekin, eta herria "hondartza baino askoz gehiago" dela azpimarratu nahi izan du. "Zarautz gastronomia da, kalitatezko merkataritza eta urte osoan gozatzeko moduko ingurune natural pribilegiatua".

Mila kilometrotik gorako ibilbidea

Basquetour turismoaren agentziak proposatutako ibilbide turistikoa da Euskadi Basque Country Grand Tour. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat eta hainbat txoko ezagutzeko argibideak ematen ditu, kultura, natura eta gastronomia uztartuz. Gainera, turismo eredu orekatu eta jasangarri baten alde egiten du.

Zortzi etapatan egituratuta dago, eta 98 udalerri zeharkatzen ditu; orotara, mila kilometro baino gehiagoko ibilbidea proposatzen die bisitariei datozen hilabeteetarako.

Euskarri fisikoak Itourbask sareko turismo bulegoetan egongo dira eskuragarri, baina ondorengo lotura honetan ere kontsultatu ahal izango dira ibilbideok.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide