Euskotrenen autobus flotaren erdia berrituko dutela iragarri dute

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 16a, 16:30

Diputatuak atzo Zumaiara egindako bisitako irudia. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Enpresa publikoak Urola Kosta eta Debabarrena artean dituen autobusen erdia agintaldi honetan berrituko dituztela iragarri zuen. Azahara Dominguez diputatuak zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak optimizatzen dabiltzala esan zuen.

Lurraldebusen zerbitzua ematen duten enpresekin egiten ari den bilera-sortari jarraituz, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Zumaian izan zen atzo, Euskotrenek Zumaiako tren geltokiaren alboan duen kotxeretan. Bertako langileekin bildu zen, baita Euskotreneko arduradunekin ere. 

Lurraldebuseko zerbitzua eskaintzen duen zazpi emakidetako bat da Euskotren, eta Urola Kosta eta Debabarrena bailaretan egiten du lan. Diputatuak jakinarazi zuenez, enpresa publikoak 34 autobus ditu guztira bi eskualdeen artean, eta ehun pertsona baino gehiagok egiten du bertan lan. Agintaldian zehar autobus flotaren erdia inguru berrituko dituztela adierazi zuen diputatuak. 

Zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak optimizatzen dabiltzala ere esan zuen, haren esanetan, egungo benetako eskarira hobeto egokitzeko asmoz. Intermodalitatea hobetzen saiatzen ari direla ere azaldu zuen, garraio publikoko beste modu batzuekiko konexioa hobetzeko helburuarekin. 

Bidaiari kopuruak gora

Zumaia eta Donostia errepidez zein autobidez lotzen dituen zerbitzuak dira erabilienetakoak, Dominguezen esanetan. Hala, iaz 659.977 bidaiari izan zituen autobidez doan UK10 lineak, eta 597.831 bidaiari zerbitzua errepidez egiten duenak, UK09 lineak, hain zuzen. Orotara, Lurraldebusen bidaiari kopurua % 5,34 hobetu zen iaz 2023koarekin alderatuta. Datuak xehatuta, erabiltzaileen ia bi heren emakumeak izan ziren (%63,98), eta gainontzekoak (%36,02) gizonak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide