Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Ohorezko Mailako Softbol Ligako azken partidua jokatu zuen asteburuan, Sant Boi taldearen aurka. Jardunaldian, OBBk partida bat galdu zuen, baina bestea irabaztea lortu zuen.
OBBk "indartsu" hasi zuen norgehiagoka, lehen sarreran lasterketa bat eginez. Sant Boik, ordea, berdinketa lortu zuen hirugarren sarreran, baina OBBk abantaila hartu zuen laugarrenean, beste bi lasterketa gehiagorekin. Seigarren sarreran, Sant Boik lau lasterketekin erantzun zuen, baina OBBk markagailua berdintzea lortu zuen beste bi puntu gehigarrirekin.
Azken sarrera erabakigarria izan zen: Sant Boik hiru lasterketa irabazi zituen eta OBBk ez zuen besterik lortu. Azken emaitza 8-5 izan zen, kataluniarren alde.
Bigarren partidan, OBB "sendo" aritu zen erasoan zein defentsan. Lasterketa bat egin zuen bigarren sarreran eta abantaila handitu zuen bosgarrenean, bi gehiago lortuz. Taldeak jokoaren kontrola mantendu zuen une oro, bere jokalarien "jardun bikainarekin", eta ez zion Sant Boiri lasterketarik gehitzen utzi. "Joko eraginkor batekin", OBBk garaipena lortu zuen 3-0 emaitzarekin.
Erasoan Carla Novella, Estibaliz Alvarez eta Sara Loidi bateatzaileak nabarmendu ziren, izan ere, bakoitzak hiru hits lotu eta hainbat lasterketa bultzatu zituzten. Novella eta Loidi izan ziren lasterketa gehien lortu zituztenak. Gainera, Loidi izan zen partidan pontxe gehien lortu zituen jaurtitzailea.
Azken partida honekin itxi dute 2025eko Ohorezko Mailako Softbol Ligako denboraldia. "Zailtasunak eta lehia bizia" izan arren, taldeak maila "lehiakorra" mantentzea eta bosgarren postu nabarmen batean amaitzea lortu du. "Itxiera honek etapa baten amaiera markatzen du, datorren denboraldiari hobetzeko eta hazten jarraitzeko gogo handiarekin utziz", kontatu dute taldekideek.